Mozioa onartuta, «herritargo konprometitu baten alde eta emakumeenganako indarkeriaren kontra»

Kronika - Erredakzioa 2016ko aza. 26a, 01:00

Goizuetako Udalean ez ohiko Plenoa izan zen atzo, eta bertan aztertu ziren bi mozioak onartu ziren: azaroaren 25eko adierazpen instituzionala lan­tzen duena, eta Altsasun izandako gertaeren ingurukoa.

Gaitzespena, konpromisoa, elkartasuna eta herritarrei deia, azaroaren 25aren bueltan
Azaroaren 25ak balantzea egiteko eguna izan nahi duela gogorarazten du, atzo Udalak onartutako mozioak. Bertan gogoratzen da, emakumeen aurkako indarkeria fenomeno estrukturala dela «gure gizartean dauden maila sozial guzti guztietan, herrialde eta munduko leku guztietan gertatzen dena». Hori horrela, mozioan onartu zen: «Uda­laren gaitzespena indarkeria sexistari; Udalaren konpromisoa herri erakunde gisa lanean jarraitzeko, berdintasuna politika guztien ardatz hartuta; Udalaren elkartasuna, indarkeria sexistaren biktima izan diren guztiekin eta hauen familiekin; eta azkenik, herritar guztiak gonbidatzen ditugu emakumeen aurkakako indarkeria gaitzesten duen jarrera izateko, eta azaroaren 25aren bueltan antolatu diren jardueretan parte hartzera».

Altsasun gaur eginen den manifestazioan parte hartzeko deia
Altsasuko gertaeren aurrean, Goi­zu­e­tako Udalak mozioa onartu zuen atzo. Mozioa Altsasuko Udaleko gehiengoak hartutako erabakia du oinarri, eta Goizuetako Udalak hau da adostu zuena: «‘Altsasu’ lelopean, bat egitea gaur 13:00etan atxilotuen senitartekoek eta Altsasuko herritarek deitu duten manifestazioarekin; gure herriko herritarrei bertan parte hartzeko gonbitea luzatzea eta deialdia zabaltzeko eskura ditugun bitartekoak erabiltzea; eta akordi honen berri Altsasuko Udalari jakinaraztea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!