Haurreskola berriak badu kokalekua: Urumea Berri. EH Bilduk aurkeztu zuen larunbateko Plenoan, ‘Astigartarren etorkizunaren aldeko hainbat ekimen bideratzeko’ mozioan. Mozio horretako lau puntuetako batean, EH Bilduk eskatu zuen Urumea Berrin Udalak jasoko duen 800m2 inguruko lokalean haurreskola behin betikoz kokatzea, 2018an martxan izan dadin. Mozioa PSE-EE alderdiaren aldeko botoarekin onartu zen. Mikel Duranen esanetan proiektu estrategikoa da haurreskolarena: «Urumea Berrira bikote gazte asko etorri dira bizitzera, eta gehiago etorriko dira. Haurreskola bertan jartzea egokia iruditzen zaigu, kokapenaz gain, behe solairu batean egongo delako, horrek dituen onurekin. Gainera, exekuzio fetxa dauka: 2018rako egingo litzateke». EAJk mozioa puntuz puntu bozkatzea eskatu zuen, eta haurreskolaren puntu honetan, kontra bozkatu zuen. Gobernu Taldeko kideek ere estrategikoa zela esan zuten, baina kokalekuarekin ez zetozen guztiz bat: «benetako beharra zein den aztertu behar da, eta azken urteetako joerak erakusten du eskaera gutxitu egin dela. Gainera ez dago txostenik». Era berean gogoratu zuten, Gobernu Taldearen proposamenetako bat dela, egungo kultur etxean jartzea haurreskola, besteak beste, herriko zerbitzu guztiak leku berean ez kontzentratzeko. Plenora gerturatu ziren herritarrek, kasu honetan haurreskolako erabiltzaileek, aipatu zuten egungo Kultur Etxeak izan ditzakeen barrerak: «leku oso politean dago, baina nola igo ume-sillarekin hara? Zenbaterainoko obra egin beharko litzateke eraikina egokitzeko? Haurreskola behe solairu batean egiteko aukera izanda, zergatik egin bi pisutan? Eta larrialdirik balego?». EH Bilduko bozeramaileak ere hartu zuen hitza: «Gobernu Taldeak emandako eskaera datuak beste modu batera ere interpretatu daitezke: galdetu egin beharko da zergatik egin duen behera... krisiarekin guraso gehiago egon daitezke etxean, lanik gabe... ordaintzeko arazoak izan ditzakete... dena hartu beharko da kontuan... Bestalde, Astigarragan beste 400 etxe egingo dira, eta arazoa etorri zain egon behar du Udalak?».
Udala eta San Markoren arteko hitzarmena, onartuta
Plenoan eztabaida sortu zuen beste puntuetako bat izan zen Udala eta San Markoren arteko hitzarmena, hondakin bilketari dagokionean. EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen, eta EH Bilduk aurka bozkatu zuen. Eztabaida sortu zuen puntua izan zen, langileen subrogazioarena. EAJk azaldu zuen, saiakera haundia egin duela hitzarmenean langileen subrogazioa biltzeko, baina legez ezin dela hori exijitu, eta ezin izan dutela hitzarmenean sartu. EH Bilduko Gartziak azaldu zuen, nahiz eta legez obligaziorik ez izan, Udalak erabaki hori hartu zezakeela, eta hitzarmenean sartzea eskatu; «bost langile kalean geratuko dira». Gobernu Taldeak erantzun zuen aldaketek ondorio batzuk ekartzen dituztela, eta beraiek saiatu direla: «atez atekoa martxan jarri zenean ere, FCCko langileekin zer gertatu zen galdetu al du norbaitek?».
Taxi tarifak, mantendu
Taxi tarifen puntua ere, larunbateko Plenoak eztabaidatu zuen. Aurreko urteko tarifa berdinak izatea onartu zen aho batez. EH Bilduko Gartziak eskatu zion Udalari taxiekin dagoen arazoari heltzea: «hilabeteak dira herrian zerbitzua desagertua dagoela. Neurriak hartu behar dira». Gobernu Taldeak erantzun zion konpromisoa hartu dutela egoerari soluzioa lehenbailehen emateko.
Jon Arregui, alkateorde
2015eko ekainaren 13an, Udal Korporazioa osatu zenean, alkateorde bakarra izendatu zuten. Azken aldian Alkateak izan dituen osasun arazoak medio, beste alkateordea Jon Arregui izatea onartu zuen Plenoak. Erabaki horrekin lotuta, Gobernu Batzordeko kideak eta eskumenak aldatuko zirela ere azaldu zen Plenoan. Alkateak adierazi zuen bere egoera medio, Jon Arregui Gobernu Batzordeetan sartzea erabaki dutela. EH Bilduko Gartziak azaldu zuen, erabaki honen ondorioz EH Bilduk zinegotzi bat galdu duela Gobernu Batzordean, 2-2-1 izatetik, 3-1-1 izatera pasako baitira. Alkateak azaldu zuen legeak eskatzen duela alkateordea Gobernu Batzordeko kide izatea eta hortik datorrela aldaketa.
Bederatzi mozio, onartuta
Bederatzi mozio bozkatu eta onartu zituen larunbateko Plenoak, eta guztiak ikusgai daude www.kronika.eus orrian. Mozio horietako bat da, EH Bilduk aurkeztua, eskatuz, aldiriko trenak Astigarragan geltokia izatea. Aho batez onartu zen. Gobernu Taldeak estrategikoa zela esan zuen, eta lantzen ari direla.
EH Bilduk eta EAJk mozio bana aurkeztu zuten 4591/10 kereilari babesa emateko, hau da, frankismoaren biktimei zor zaien justizia egiteko bata, eta frankismoa salatzeko eta egia, justizia eta erreparazioaren alde egiteko bestea. Biak onartu ziren.
Juan Luis Agirreren lagunek aurkeztutako mozioa ere onartu zen, eta dei egin zuten igandean egingo den giza katerako.
Gure Esku Dagoko herritarrek aurkeztutako mozioaren alde egin zuen baita ere, larunbateko Plenoak.
Udal talde guztiek batera aurkeztutako bi mozio ere onartu ziren: herrian harrobi eta meategirik ez egitea eskatzen duena, eta Euskareren Egunaren bueltakoa.
Azkenik, adierazpen instituzionala ere onartu zuen larunbateko Plenoak, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunari dagokiona.