Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, eta horren bueltan, ekimen batzuk antolatu ditu Udaleko Berdintasun Arloak, herriko hainbat eragileren laguntzaz. Hain justu, gaur arratsaldeko manifestazioak eramango du aldarrikapena kalera; 19:30etan abiatuko da Plaza Berritik.
Bi saio, Institutuan
Hori ez da gaurko egunaren harira antolatu duten ekintza bakarra. Parekide taldearen eskutik, Zulo beltzetik at ekimena izango da goizean Institutuan. Bi saio egingo dituzte: bata, Agustin Iturriagan, goizeko 10:00etan hasita; eta eguerdiko 12:00etan Santa Barbaran izango da bigarrena.
Datorren asteazkenean, dokumentala eta solasaldia izango da Biterin, 19:00etan.
Dokumentala eta solasaldia, datorren asteazkenean
Dena den, datorren asteazkenean izango da azkeneko ekintza. Mugen Gainetik GKEk antolatuta, Ozpinaren sindromea dokumentala botako dute, eta ondoren, Emakumea eta bake prozesuak: Euskal Herritik Guatemalara solasaldia izango da. Biterin egingo dute, arratsaldeko 19:00etan.
«Azaroaren 25az gain, sistema patriarkalak beste 364 egunez jarraitzen du gu iraintzen, erasotzen eta erabiltzen»
Berdintasun Kontseiluak adierazpena egin du azaroaren 25aren harira, eta Udaleko Bozeramaileen Batzordean, udal talde guztiek bere egin dute idatzia. Osoa, hemen.
Gaur, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Horregatik, adierazpena egin du Berdintasun Kontseiluak. Bozeramaileen Batzordera eraman du, eta bertan, bere egin dute udal talde guztiek.
Bertan, Berdintasun Kontseiluak argi adierazten du: «azaroaren 25ean ozenki aldarrikatu nahi dugu emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela; batez ere, indarkeria sorrarazten duten faktore guztien aurka ere bagaudela».
Segidan, aldarrikatzen dute: «emakume izateko eta bizitzeko pertsona adina modu ditugu eta sistema patriarkalak emakume bakoitzarentzat bere indarkeria mekanismo espezifikoa dauka gure adin, klase jatorri eta identitatearen arabera».
Hori lortzeko bidean, Berdintasun Kontseiluaren lana balorean jartzen dute, izan ere, «urteak daramazkigu indarkeria matxistaren gaia lantzen, prebentzioan eta sentsibilizazioan». Eskoletan eta herrian berdintasuna eta tratu onak lantzeko programa; arreta eta koordinazioa hobetzeko, erakundeen arteko protokoloa; emakumeentzako Jabetze Eskolak; eta Kontseiluak herriko beste mugimendu feministekin batera egiten duen lana aldarrikatu dute.
Gogorarazi dute, «azaroak 25az gain, sistema patriarkalak beste 364 egunez jarraitzen duela gu iraintzen, erasotzen eta erabiltzen». Eta horren aurrean, «feministok lanean jarraituko dugu urte osoan; batzuetan, pankartaren atzean; bestetan, instituzio politikoekin protokoloak elkarlanean lantzen jaietan emakumeentzako espazio seguruak sustatzen, indarkeria sexistaren gaia jendartearen erdigunean jartzen, autodefentsa tailerrak egiten».
Era berean, eskatu die alderdi politikoei: «berdintasun politikak bultzatzen jarrai dezatela, beharrezkoak diren bitarteko ekonomiko eta teknikoak jarriz».