Santa Zezilia eguna izan zen asteartean, musikarien patroiarena, hain zuzen. Hainbat kontzertu eta emanaldi izan dira azken egunotan egun horren bueltan, eta gaur eta bihar izango dira azkenak.
Akordeoi entzunaldia izango da gaur, arratsaldeko 17:30etan, Milagrosako kaperan. Musika Eskola Publikoko ikasleek hartuko dute parte.
Beste bi zita, bihar
Musikaz betetako asteari bukaera emateko, bihar beste bi emanaldi izango dira. Eguerdiko 12:30etatik aurrera, Hernani, Urnieta eta Astigarragako txistulariak ibiliko dira kaleetan barrena, bi tronpeta-jole eta Ttarlako dantzarien laguntzaz. Plazatik abiatuko dira.
Ordu erdi beranduago hasiko dute kaleko buelta Goiz Eguzki abesbatzako kideek. Plaza Berritik aterako dira, eta Kaxkoko kaleak kantuz girotuko dituzte.