Bi musikari euskaldunek eta hiru gaskoik osatzen dute Xarnege taldea 2003tik. Jatorri bereko bi herrion elementu komun ugari uztartzeko helburuarekin elkartu ziren, eta 13 urte pasa eta 4 disko kaleratu ondoren, Biteriko eszenatokira igoko dira gaur, iluntzeko 20:00etatik aurrera. Bertan estreinatuko dituzte Kyklos, abenduan argitaratuko duten beraien azken laneko kantu batzuk.
Bi kulturen elementu komun ugari uztartzen dituzue. Zein dira elementu horiek?
Musika tresnak nahasten ditugu, izan ere bi kulturotan xirula eta ttun ttuna jotzen dira (Gaskoiek flabuta eta tamborin deitzen diete). Tresna bera izan gabe, boha (Landetako kornamusa) eta albokak oso erraz uztartzen dira.
Bestalde, doinuak eta dantzak ere nahasten ditugu. Esaterako, jauzia (edo saut gaskoieraz) bi herriok bakarrik dantzatzen dugu. Harrigarria da ikustea kantu asko bi kulturetan daudela, euskeraz eta gaskoieraz.
Zergatik sortu topagune hori?
Egia esan, kasualitatez sortu zen 2003an. Joan Baudoinek Oiartzungo Herri Musika Txokoan kontzertua eskaini zuen eta Josean Martin taldekideak ikusi eta harritu zen doinu batzuk euskaldunak ere bazirelako. Joan Baudoin aspaldiko laguna zen, Ganbara taldeko disko batean gurekin kolaboratu zuelako. Joseanek eta Joanek proiektua abiatzeko aukeraz hitz egin eta beste musikariekin harremanetan jarri ziren. Bazkari bat antolatu eta listo! Xarnege martxan jarri zen.
Euskaldunok oso harro gaude gure kulturaz eta hizkuntzaz eta gordetzearen beharraz oso kontziente gara. Hala ere, gure kulturak ingurukoekin dituen loturez gehiegi arduratu ez garelakoan gaude.
Gure diskoetan Made in Vasconia jartzen dugu, Erdi Aroan hainbat momentutan euskaldunak eta gaskoiak Baskoniako Dukerrian elkarrekin izateari keinu eginez.
«Harrigarria da ikustea kantu asko bi kulturetan daudela»
Nolakoa da Xarnegeren musika? Zein instrumentu erabiltzen dituzue?
Musika tradizionala da, eta moldaketak garaikideak dira, betiere doinuen harmonia eta sustraiko zaporea gordez.
Gure instrumentuak dira xirulak, ttun ttunak, besson (ttun ttun bikoitza), alboka, biolina, boha edo Landetako kornamusa, zarrabetea, soinu txikia, gitarra, bouzoukia eta hainbat perkusio tradizional (tricanetak, eltzegorra...).
Eta musikaz aparte, badira gauza gehiago zuen kontzertuetan, ezta?
Kantuak eta dantza-doinuak tartekatzen dituen kontzertua da. Hainbat unetan piezen jatorria azaldu edo instrumentuez zerbait esaten dugu.
Bi hizkuntzetan kantatzen duzue, euskeraz eta gaskoieraz. Zer daukate komunean biek?
Gaskoiera latinetik datorren hizkuntza da, familia okzitanoko dialekto bereziena bere aintzinako sustratu euskaldunagatik. Bere gramatikan euskeraren eragina soma daiteke (hitzak ezin dira r-ez hasi eta aditza ezin da esaldiaren hasieran kokatu, adibidez), baina bi hizkuntzetako hiztunek ezin dute elkar ulertu. Bestalde, Gaskoi izena Baskoietik dator. Azken finean, gaskoiak, erromanizatutako euskaldunak dira.
Erdi Aroan Gipuzkoan gaskoien migrazio haundia izan zenez, toponimia gaskoia ugaria da Donostiatik Hondarribiara (Higuer, Molinao, Urgull, Ulia, Monpas, Morlans, Aiete...), baita Gasco, Gascue edo Gascón deitura ere.
Munduan zehar 200 kontzertu baino gehiago eskaini dituzue. Bereziagoa da kanpoan jotzea, edo hemen?
Euskal Herrian eta Gaskonian jotzen dugunean, harrigarria da bi herriok jatorri bera izanda, elkar apenas ezagutzen dugula konturatzea. Publikoaren erantzuna beti positiboa izaten da. Kontzertuaren ondoren jende dezente eszenatokira hurbiltzen da instrumentuak ikustera eta gurekin hitz egitera eta askotan galdera bera zuzentzen digute: zergatik ahaidetasun hau ez da ezagunagoa?
Hemendik kanpo txundigarria da gure kulturatik oso urruti dagoen publikoaren erantzun bikaina. Mexikon lau aldiz izan gara, Kanadan pare batean, Marokon, Tunisian... Europan zehar ere nahikotxo mugitu gara. Leku bat azpimarratzekotan Flandrian izaten dugun harrera nabarmenduko nuke.
Bi saritu
Xarnege taldeak gaur eskainiko duen kontzerturako sarrera bikoitzak zozketatu ditu Kronikak, Udalak eskainita. Hauek izan dira bi irabazleak: Amaia Urkizu eta Amaia.
Zorionak bioi!