Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da bihar, eta egun horren bueltan, ekintza ezberdinak antolatu ditu Udal Berdintasun Arloak, herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean.
Bihar izango da manifestazio nagusia, baina horren aurretik, ipuin kontaketa izango da gaur. Arratsaldeko 17:00etan hasita, Bonai Capote ipuin kontalariak Waíso Ipola istorioa kontatuko die helduei.
Ozpinaren sindromea dokumentala jarriko dute datorren asteazkenean.
Manifestazioa, bihar
Bihar da azaroaren 25a, eta hainbat ekintza izango dira, orduan. Goizean, Parekide taldearen eskutik, Zulo beltzetik at ekimenaren bi saio egingo dituzte: 10:00etan, Agustin Iturriagan aurrenekoa; bigarrena, eguerdiko 12:00etan, Santa Barbaran.
Arratsaldean izango da, ordea, manifestazio nagusia. 19:00etan aterako da Plaza Berritik, eta herriko kaleak zeharkatuko ditu.
Dokumentala, asteazkenean
Azkenik, datorren asteazkenean izango da azkeneko ekitaldia. Ozpinaren sindromea dokumentala aurkeztuko dute, eta ondoren, Emakumeak eta bake prozesuak: Euskal Herritik Guatemalara hitzaldia izango da Biterin, 19:00etan hasita.
Mugen Gainetik GKEak Kooperazio Arloarekin elkarlanean antolatuta, dokumentaleko protagonista den Rosalina Tuyucek aurkeztuko du dokumentala, Guatemalatik etorria bera.