Larunbatean beteko ditu Juan Luis Agirre Lete astigartarrak 20 urte preso. 1996an atxilotu zuten Frantzian, eta bertan hainbat urtetan preso egon ondoren, Espainiako beste hainbat espetxetan izana da.
Gaur egun, Zaragozako Zuera espetxean dago, eta haren lagunek hainbat ekimen antolatu dituzte, «Frantzian preso emandako urteak kontuan izan eta legez dagokionean aske utzi dezatela» eskatzeko.
Giza-katea eta postalak
Antolatutako ekimenen artean, igandeko zita izango da nabarmenena; eguerdiko 12:30etan Joseba Barandiaran plazatik abiatuta, giza-katea egiteko deia luzatu diete astigartar guztiei.
Bestalde, jakinarazi dute herriko hainbat tokitan okasiorako sortutako postalak jarri dituztela edonoren eskura, Agirreri idatzi ahal izateko.
Mozioa, onartua
Larunbateko Plenoan onartu egin zen Agirreren lagunek aurkeztutako mozioa. Bertan, besteak beste, eskatu zaio Udalari babesa adierazteko presoari; eta eskatzeko euskal preso politikoen sakabanaketarekin bukatzeko eta Agirrek Frantzian preso emandako urteak kontuan izateko.