Hernani Errotzenek antolatuta, Historiaren transmisioa eta gazteen identitatea gaia landuko du Ainhoa Larrañaga Mondragon Unibertsitateko irakasleak, Biterin kultur etxean, arratsaldeko 19:30etan hasita.
Ikerketa baten emaitza
Larrañagak Kronikari azaldu dionez, gazteen identitatearen inguruan egindako ikerketa izango du hizpide, «kezka pertsonal batetik» sortutakoa. Eneko Bidegainen laguntzaz, hainbat elkarrizketa eta focus group egin dituzte gradu desberdinetako gazteekin, ondorengo galderari erantzuna bilatu nahian: ‘nola bizi dute euskal identitatea gazteek?’
Berehala konturatu ziren, historiaren transmisioarekin erabat lotuta dagoen gaia dela: «gure hasierako hipotesia zen gazteek ez daukatela historiaren ezagutzarik edo daukaten ezagutza txikia dela, eta berretsi egin dugu».
Hori guztia azaltzeaz gain, etorkizuneko erronkei buruz ere mintzatuko da Larrañaga.