Urriaren 28an abiatuta, Andorrara bost eguneko bidaia egin zuen Aiztondo abesbatzak. Bertako Escaldes abesbatzarekin kantatu zuen Aiztondok, larunbatean; eta igandean, Sant Juliá elizan eskaini zuen emanaldi bat, mezaren ondoren. Andorrako egonaldian, Anton Azurmendi donostiarra (duela 38 urtetik han bizi dena) izan dute bidelagun, Aiztondoko kideek; eta eskerrak eman izan dizkiote, «goxatu eta babestu gaituelako, han eman ditugun bost egunetan». Aiztondok azaldu du, «emozioz eta momentu politez betea» izan dela bidaia: «Azurmendiri berari, begiak malkoz bete zitzaizkion, Astigarragako Udalaren irudia eskaintzerakoan. Eta emozioak bor-bor ibili dira egun hauetan; kantu, malko, algara, irrintzi, besarkada... Katalanez aritu ginenean ere, ikustekoa zen jaso genuen txalo zaparrada; eta Antonen semeak, Andonik, euskalduna naiz eta harro nago bota zuenean ere... Momentu politak bizitu ditugu. Muxu haundi bat eta mila mila esker Anton, familia eta gure egonaldia alaitu duten kide guztiei», adierazi du Aiztondo abesbatzak.