Gurasolagun egitasmoaren barruan, bi ekintza berri jarri ditu martxan Astigarragako AEKk, Herri Eskola, Xaguxar eta Udalarekin batera. Familiei zuzendutakoak dira biak, eta helburua da, haur eta helduek euskeraz gozatzea elkarrekin. Hortaz, haurrek heldu batek lagunduta joan beharko dute.
Gurasolagun ludoteka, astearte eta ostegunetan
Gurasolagun ludoteka da aurreneko ekintza, eta astearte eta ostegunero egiten dute, Herri Eskolako aretoan; arratsaldeko 16:30etatik 18:00etara. Bertan, haur eta helduak elkarrekin egongo dira, eta gune bat izango dute horrela, guztiek euskeraz egiteko.
Ludotekan parte hartzeko, ez dago izena eman beharrik, eta debalde da. Ikasturte osoan zehar egongo da martxan.
Gurasolagun tailerra, hilean behin
Bigarren ekintza, Gurasolagun tailerra da. Hilean behin egingo dute: urriaren 25ean izan zen estreinakoa, eta azaroaren 15ean egingo dute bigarrena. 16:45etan elkartuko dira, 4-12 urteko haurrekin familian gozatzeko. Tailer horietan, denetik landuko dute: jolasak, eskulanak, mozorroak eta sukaldaritza, besteak beste.
Hilero eman beharko da izena, hilabete horretako saiorako, Herri Eskolan edota AEKn. Aurreko astera arte dago epea, eta beraz, bigarren saio honetarako, datorren astean apuntatu beharko dute, nahi dutenek.