Ostiralean eman zion hasiera, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak, Urretxindorra mentoretza programaren ikasturte berriari. Helburua da, elkartzea 10-14 urteko nerabe atzerritar bat, eta bere mentore izango den unibertsitateko ikasle bat, ikasturte osoan zehar lagunduko diona, eguneroko zailtasunei eta gizartean integratzeko oztopoei aurre egiten.
Aurten, iazko partehartzaile kopurua bikoiztu egin da, eta 14 bikote osatzetik, 28 osatzera pasa dira. Horietatik, zortzi bikote dira Hernanikoak; eta gainontzekoak, Errenteriakoak (5) eta Donostiakoak (15).
Izan ere, «zerbitzu berritzailea» da, SOS Arrazakeriak nabarmendu duenez: «eragin zuzena du nerabeen eta haien familien ongizatean, eta harrera egin dien gizartean bertakotzen laguntzen die».
Zazpi ikastetxek hartu dute parte aurten, eta mentoreak, denak SOS Arrazakeriako boluntarioak, EHU, Deusto eta Leizaran Institutuko Gizarte Integrazioko ikasleak dira.
Autoestimua indartu, eta bertako nerabeetara hurbildu
Sos Arrazakeriak nabarmendu du, osatutako bikoteen artean «lotura onuragarria» sortzen duela, aisialdi eta denbora libreko tarteetan nerabeek astero jasotako laguntzak: «gaztetxoen autoestimua indartzeaz gain, bertako nerabeen baldintzetara hurbiltzea ahalbidetzen die», azaldu du.
Eta gaineratu du, «garai latzak» direla talde prekariezatuenentzat: «horregatik saiatzen gara Urretxindorra, Bizilagunak eta mota horretako jarduerak sustatzen, gizarteko elkartasunezko sareak pizteko eta pertsona guztiei harrera eta inklusio aukerak berdintasunean eskaini ahal izateko», azpimarratu du.