Partidu zaila eta gogorra zeukan Hernanik atzo, Valladolideko Pepe Rojo zelaian; eta ezer onik ez zuen ekarri. Punturik gabe bueltatu ziren trikoloreak, eta arazo fisiko asko izan zituzten, gainera. 48-8 galdu zuten, El Salvadorren kontra.
Borrokatu eta lehiatzeko gai izan ziren hernaniarrak, atsedenaldira arte. Baina etxekoen mailak, esfortzu haundia egitera behartu zituen, eta indarrik gabe geratu ziren trikoloreak.
Hernani bat gutxiagorekin zegoela aprobetxatuz lortu zuen aurreneko entsaioa El Salvadorrek; eta zigor kolpe batekin erantzun Pello Perezek (7-3). Hortik aurrera, ordea, nagusi izan ziren etxekoak. Beraien abiadura eta baloia mugitzeko abilezia baliatuta, entsaio politak egin zituzten, eta 31-3 jarri ziren, atsedenaldirako.
Entsaio bat, sari exkaxa
Bestelakoa izan zen bigarren zatia Hernanirentzat: nahi eta ezin. Nekeak eta partidu gogorrak, lesioekin arazoak ekarri zizkien; adibidez, min hartuta utzi behar izan zuen partidua Kepa Mijangosek.
Lasaitu baino, ordea, bereari eutsi zion El Salvadorrek, eta beste hiru entsaio egin zituen; zazpi guztira.
Partiduaren azkeneko minutuetan iritsi zen, trikoloreentzako poz bakarra: entsaioa lortu zuen Mikel Perezek. Sari exkaxa, ordea.
Datorren astekoa bai, partidu garrantzitsu horietakoa izango du Hernanik: Bartzelonaren zelaian ariko da.