Gaur hasiko dute Astigarragako txirrindulariek pista denboraldi berria: Bio Racer Pista Saria. Espainia mailako konpetiziorik garrantzitsuenetakoa izaten da hau. Gaur hasi eta urtarrilera bitartean jokatuko dira: 8 jardunaldi izango dira, eta sailkapen bat egongo da, maila bakoitzeko.
128 txirrindularitik bost, Astigarragakoak
Maila guztiak kontuan izanda, 128 txirrindularik eman dute izena; eta horietatik 25 neskak izango dira. Astigartarrak ere ez dira faltako aurten: kadetetan, Jaime Romero eta Telmo Semperena ariko dira; juniorretan, Tomas Otermin eta Urko Semperena; eta Xabier Mikel Azparren Ampora taldean ariko da aurten.
Bertako eta kanpoko txirrindulariak
Kadeteek, juniorrek, neskek eta open mailakoek jokatuko dituzte lasterketak, eta ohi bezala, handik eta hemendik etorriko dira: gipuzkoarrez gain, nafarrek, katalanek eta Iparraldekoek eman dute momentuz izena. Eta nahiz eta astero ez etorri, tarteka Asturias eta Portugaleko selekzioak gerturatzea ere espero da; joan den urtean esaterako, Castilla eta Leon eta Extremadurako txirrindulariak etorri ziren.