Elikagai bankuarekin duen hitzarmena herriko komertzio eta ostalarietara zabaltzea eskatu dio PSE-EE alderdiak Astigarragako Udalari; «iniziatiba udaletxean erregistratu» dutela jakinarazi diote, Kronikari, prentsa ohar bidez.
Azaldu dutenez, helburua da saldu ezin diren baina kontsumitu daitezkeen elikagaia aprobetxatzea: «baita ere nahi dugu, Udalak aktiboki hartzea parte hezkuntza kanpainetan eta elikagaiak modu arduratsuan kontsumitzeko kontzientziazioan».
«Udalak agente aktiboa izan behar du»
Mikel Duranen, PSE-EEko bozeramailearen esanetan, Udalak agente aktiboa izan behar du prozesu honetan guztian: «elkartasuna bultzatu behar du herriko komertzio eta ostalariekin elkarlana landuz; saltzeko moduan ez egon arren, kontsumorako onak diren elikagaiak biltzen lagundu behar du, ondoren aprobetxatu ahal izatako».
«Elikagai asko baztertu egiten dira neurriagatik, itxuragatik... baina jateko moduan daude»
«Askotan elikagaiak itxuragatik baztertzen dira»
Duranek gogoratu du, komertzio eta ostalaritza guneetan baztertzen diren elikagai asko ez daudela txartuak: «asko eta asko baztertzen dira, beste hainbat arrazoiren artean, itxuragatik. Inongo arazorik gabe kontsumitu daitezkeen produktuak dira, baina itxura aldetik ez dira ‘perfektuak’, kontsumitzaileak ez ditu erosten».
Duranek hainbat adibide ematen ditu prentsa oharrean: «fruituak, barazkiak eta lekadunak baztertu egiten dira neurri txikiegia dutelako, haundiegiak direlako, forma edo koloreetan inperfekzioak dituztelako...».
Mozioan, bi puntu
Alderdi sozialistak azaldu duenez, aurkeztu duten mozioak bi puntu ditu: «batetik Udalari eskatzen diogu aktiboki parte hartzeko hezkuntza eta kontzientziazio kanpainetan, elikagaiak modu arduratsuan kontsumitzea bultzatuz. Eta bestetik Udalari eskatzen diogu Elikagai bankuarekin lana egiteko konpromisoa hartzea; eta elkarlan hori herriko komertzio eta ostalarietara zabaltzea, kontsumitzeko egokiak diren elikagaiak aprobetxatu ahal izateko».