Waterpolorik ez du ikusiko Hernanik, denboraldi honetan. Kiroldegiko obrak tarteko, eta aurreko denboraldiko taldeetan baja batzuk izan direnez, Hernaniko talderik ez da izango aurten. Jokalari hernaniarrek, ordea, ez diote utzi waterpoloan aritzeari. Eta igerileku faltari eta bajei aurre egiteko, Fortunarekin egin dute akordioa: talde donostiarrean ari dira hernaniarrak, dagoeneko martxan den denboraldi honetan.
Euskal Herriko Ligan, seniorren bi talde eta jubenilak
Hiru talde diferentetan ariko dira hernaniarrak, Fortunarekin; guztiak, mutilen taldeak. Hiru edo lau neska aritu izan dira mutilekin entrenatzen, «baina zoritxarrez, orain dela hiru urtetik ez daukagu emakumezko talderik», azaldu du Jon Ander Izuzkizak.
Mutilek bakarrik izango dute lehiatzeko aukera, beraz. Seniorrek, Euskal Herriko lehenengo eta bigarren mailetan jokatuko dute; eta jubenilak ere, Euskal Herrikoan ariko dira, jubenil mailan: «agian, seniorrekin ere jokatuko dute partiduren bat».
Hasiera oso gogorra, talde guztiek
Irailean hasi zituzten entrenamenduak, eta urrian ekin zieten txapelketei. Seniorren lehenengo mailan, garbi zeukaten helburua hernaniarrek: «Fortunako taldeari ahalik eta gehien laguntzea». Eta guztien artean, bazuten esperantza, Liga Nazionalerako igoera fasean sartzeko.
Denboraldi hasiera, ordea, espero baino kaxkarragoa izan da, eta momentuz, beste helburu batzuei heldu beharko diete. Izan ere, jokatutako sei partiduak galdu dituzte, eta sailkapenaren azkeneko postuan daude. Horri buelta emateko, irabazten hasi beharra daukate.
Egoera berdinean dago, bigarren mailako taldea ere. Bost partidu jokatu badituzte, bostak galdu dituzte Fortuna-Hernani taldekoek, eta itxura dauka, denboraldi zaila izango dela beraientzat.
Eta ez daude hobeto jubenilak: jokatutako biak galdu dituzte. «Beraien helburua izango da, hobetzen joatea, eta ahalik eta partidu gehien irabaztea», diote. Presiorik ez, beraz, herriko gazteentzat.
«Talde sendoa da Fortuna, eta beraien alturan jarri beharko dugu»
Fortunarekin jokatzea, aukera polita izan da jokalari hernaniarrentzat: «talde sendoa da Fortuna, eta oso motibatuta gaude, beraiekin jokatzeak dakarren erronkarekin».
Hori bai, garbi daukate, talde indartsua izanik, «beraien alturan» jarri beharra daukatela, eta talde aldaketak egokitze prozesu bat eskatuko duela: «jolasteko beste modu batera moldatu beharko gara, eta hori izango da gure zailtasuna», dio Izuzkizak.
Sistema aldaketa, taldekideak ez ezagutzea, igerileku desberdin batean jokatzea... Oztopo gehigarri bat izango da hernaniarrentzat, denboraldian zehar gaindituko dutena, pixkanaka hobeto aritzeko. Orain arte, elkarrekin aritu izan dira beraien artean, Hernaniko taldean. Baina taldekide berriak bakarrik ez, beste dena ere izan da berria, herriko jokalarientzat.
Harrobia lantzen jarraitzeko, zailtasunak
Emakumezkoen talde bat izateko zailtasunaz aparte, harrobia mantentzeko ere ez dauka erraza, Hernaniko waterpoloak: «jarraituko dugu harrobiko jendea edukitzen, baina igerilekuko obrak direla eta, zailagoa izango da harrobiko jokalari gehiago lortzea. Hala ere, saiatuko gara, nolabait, jendeak waterpoloa probatu dezan», aurreratu dute hernaniarrek. Izan ere, beti dauzkate ateak zabalik, taldean sartu edo waterpoloa probatu nahi duten guztientzat: «taldea ez da inoiz ixten, beti dago tokia probatu nahi duten herritar guztientzat».