Etorkizuna Eraikiz egitasmoa aurkeztu zuen Markel Olano diputatu nagusiak, asteartean, Gabriel Zelaian, Buruntzaldeko Garapen Agentziaren egoitzan. Eta bertan, jakinarazi zuen, hainbat esperientzia pilotu jarriko direla martxan; horietako bat, Hernanin abiatuko dute: Oasiaren jolasa.
OasisLab proiektua deituko dena, Emahar Gizarte Elkarteak eta EDE Fundazioak bultzatu dute, eta hemen eta Altzako auzoan probatuko dute, gerora Gipuzkoa osorako politika publikoetan txertatzeko asmoz.
Bi zutabe nagusi, ‘Etorkizuna Eraikiz’ egitasmoak
Astearteko saioan, Xabier Lertxundi Hernaniko Udaleko zinegotziak egin zuen sarrera, eta eskertu zuen, «justizia sozialean oinarritutako gaiak eztabaidatzeko aukera emategatik».
Markel Olanok, bere aldetik, azaldu zuen bi zutabe nagusi dauzkala Etorkizuna Eraikiz proiektuak.
GipuzkoaLab izenekoa arduratuko da proiektu pilotuak martxan jartzeaz, ekonomian, gizartean eta kulturan.
Alde batetik, GipuzkoaLab izenekoa dago, ekonomia, gizarte eta kultura arloetan esperientzia proiektu pilotu horiek martxan jarriko dituena, hain justu. Hasiera batean, lau proiektu nagusitan sakondu nahi dute, eta horietako bat da Hernanin martxan jarriko dutena. Gizarte politikaren arloan gauzatuko da, «adinduen arretarako erreferentziazko zentro baten garapena landuz eta hirugarren sektorea bultzatzeko beste lau esperientzia abian jarriz».
Eta beste zutabea, Gipuzkoa Taldean izango da. Bere helburua izango da, Gipuzkoa 2026 Plan Estrategikoa osatzea, «gizarte antolatuarekin elkarlanean eta etengabeko elkarrizketan oinarrituta».