Dagoeneko erabaki du epaimahaiak, zein izango diren 2017ko udal egutegian azalduko diren argazkiak. 45 argazki aurkeztu dituzte herritarrek, eta horietatik, 13 aukeratu dituzte, puntuazio altuena lortu dutenak: hilabete bakoitzerako bat, eta azalerako hamairugarrena.
Argazki irabazleak, 2017ko udal egutegia osatuko dutenak, ikusgai daude Biteri kultur etxean, dagoeneko.
Herriko txoko edo une kuttunak, iruditan islatuta
Argazki lehiaketa antolatu du Udalak aurten, urteko egutegia «herritarrengana zabaltzeko asmoz. Herrian argazkigintzan zaletasun haundia dagoela ikusita, ekimenaren helburua izan da herritar orok herriko txoko edo une kuttuna iruditan islatu eta lehiaketan parte hartzeko aukera izatea», azaldu du Udalak.
Egutegiaren 6.000 ale, abenduaren 12tik aurrera
Modu berean, jakinarazi du, aurten egutegiaren 6.000 ale argitaratuko dituela, «herritarren lanek ahalik eta zabalkunderik haundiena izan dezaten». Eta zabalkunde hori haunditzeko jarri dute, baita ere, argazkien erakusketa Biterin.
Abenduaren 12an aurkeztuko dute udal egutegia, arratsaldeko 18:00etan, eta bertan izango dira udal ordezkariak, lehiaketa irabazi duten argazkien egileekin batera. Egun horretan bertan hasiko dira, baita ere, egutegia herritarren artean banatzen.