Udalak Kronikara bidalitako prentsa oharrean azaldu duenez, larunbateko Plenoak onartuko du hiri hondakinen bilketari buruzko behin betiko hitzarmena. Azaldu dute, San Markorekin sinatu beharreko akordia EAJ-PNVko sei zinegotziek eta PSE-EEkoak onartzea aurreikusten dela: «ondoren, Mankomunitateak hitzarmena berritsi eta berehala, San Markok edukiontziak jarriko ditu, Udalari kosturik eragin gabe».
«Garbitaniako langileek subrograzio eskubiderik ez dutela ondorioztatu da»
Oharrean diote, hitzarmeneko punturik korapilotsuena ere, konpondu dela: «Udalak Astigarragan atez ateko zerbitzua ematen duten langileen balizko subrogazio eskubidea errespetatzeko konpromisoa hartu zuen. Garbitaniak dokumentazioa aurkeztu arte itxaron zuen, nahiz eta honek eragozpenak jarri beharrezko informazioa Udalari helarazteko. Udal taldeak esfortzu haundia egin duen arren, azterketa juridiko sakona egin ondoren, ondorioztatu da Garbitaniako langileek ez dutela subrogazio eskubiderik».
EAJren ustez, EH Bilduk ez zituen Garbitaniako langileak gertatu zitekeen sistema aldaketa baterako behar bezala babestu: «Udal gobernuak benetako ahalegina egin du langileak subrogatzeko, beraz, ez genuke ulertuko EH Bilduk larunbatean hitzarmenaren kontra bozkatzea. Subrogazioa izan da orain arte EH Bilduren aitzakia sistema aldaketa saboteatzeko. Gaia argituta, ezezkoa ematen badiote, kontsultaren emaitza errespetatzeko hartu zuten konpromisoaren aurka egingo dute berriz ere».