Prentsa ohar batean «gardentasuna» eskatu dio Orain Hernanik Gobernu Taldeari, «kiroldegiko erabiltzaile bati zigorra jartzeko prozesuan irregulartasunak» izan direla uste baitu.
Sarrera debekatuta, jakinarazpenik gabe
Orain Hernanik azaldutakoaren arabera, «maiatzean, kiroldegiko sarreran, eztabaidan hasi ziren langile bat eta erabiltzaile bat, eta liskarra berotu egin zen. Gobernu Taldeak gertaeren berri izatean, erabiltzailearen txartela blokeatu zuen, eta ondoren, Alkate Dekretua argitaratu zuen abuztuaren 18an, zigor espedientea irekiz».
Prozesu horretan salatu ditu «irregulartasunak», Orain Hernanik. «Erabiltzaileak ez zuen salaketaren berri izan hiru hilabete pasa arte, eta ordurako ezin zuen kiroldegira sartu».
Informazio eskaera, behin eta berriz
Era berean, alderdiak dio askotan eskatu dituela azalpenak, «erantzunik jaso gabe», eta askotan eskatu ondoren, «erabiltzaileak espedientea ikusteko aukera izan zuen; baina dekretua besterik ez zegoen».
Egun, ordea, «Gobernu Taldeak zigorra bertan behera utzi» duela dio alderdiak, «baina erabiltzailea ez dago jakinaren gainean». Horregatik galdetzen du Orain Hernanik: «prozesu administratiboa jarraitu da?».