Txilen jokatuko den Munduko Kopa jokatzeko hautatuak izan zarete. Nola jaso zenuten berria?
Urriak 28an jaso genuen berria; selekzionatzaileak deitu zigun banan bana bagindoazela esateko. Poz haundia hartu genuen, udaz geroztik entrenatzen eta prestatzen aritu garelako, eta azkenerako luze egin zaigulako.
30 metroko frontoian arituko zarete: Amaia, zu Mexikon izan zinen duela bi urteko Mundialean; baina, Maider, zuretzat aurreneko Mundiala da, modalitate honetan jokatuko duzuna. Nola ikusten duzue zuen burua?
Oso motibatuta gaude eta gogo askorekin goaz. Egia da nolabaiteko presioa badugula, oraindik gazteak garelako, eta urtero Espainiako taldeak emaitza onak lortu dituelako.
Amaia: niretzat laugarren munduko txapelketa izango da hau, bigarrena maila absolutuan. Beraz, Chilen izango ditugun aurkari gehienak ezagutzen ditut. Hala ere, erantzukizun haundiagoa izango dut; izan ere, beste aldi batzuetan ez bezala, atzelarien lehenengo aldia izango da maila honetan. Ondorioz, partidu askotan nire gain izango dut zama.
Maider: Esan bezala, maila absolutuan jokatuko dudan lehenengo mundiala izango da. Gogo askorekin noan arren, aurkariei errespetu haundia diet, azken finean horietako asko gure erreferenteak direlako. Niretzat hau guztia berria izango denez, ahalik eta gehien ikastea eta lan on bat burutzea espero dut.
Dena den, iaz 22 urtez azpiko Mundialean jokatu zenuten biek. Ze alde dago bi txapelketen artean?
Desberdintasuna, batez ere, jokalarien mailan dago. Normalean, 22 urtez azpiko txapelketetako jokalariek ez dute esperientzia haundirik izaten, baina maila absolutuan munduko hoberenek jokatzen dute eta esperientzia nabari da.
«Helburu nagusia izango da, 2018an Bartzelonan jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkapena lortzea».
Zilarra lortu zenuten han. Zein helbururekin zoazte Txilera aurten?
Aurtengo helburu nagusia 2018an Bartzelonan jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkapena lortzea izango da. Bestalde, hau lortuz gero, ahalik eta urrutien heldu nahiko genuke, ahal bada domina bat lortuz.
Eta maila pertsonalean, munduko onenen aurka jokatuz eta haiek ikusiz beraiengandik ikastea eta gure maila hobetzea da helburua.
Ezagutzen al dituzue zuen aurka arituko diren palistak? Zein izango dira kontrario gogorrenak?
Aurkari gehienak ezagutzen ditugu, beste mundialetan ezagutu baititugu. Frantzia, Mexiko, Argentina eta Cuba bezalako taldeak dira gure aurkaririk gogorrenak; haiek irabazi dituzte domina gehienak, azken urte hauetan. Hala ere, ikusteko dago beste taldeek ere zer nolako maila erakutsiko duten. Txileko neskek esaterako, etxean jokatzea alde izango dute eta aurkari gogorra izan daiteke guretzat.
Hainbat kontzentrazio izan dituzue Selekzioarekin, hautatuak izan zaretela jakin arte. Bertan egin dituzue Mundialerako prestaketa lanak, ala hemen ere gogor entrenatzen ari zarete?
Bost kontzentrazio izan ditugu Valentzian, azken lau hilabete hauetan. Hala ere, bakoitzak bere aldetik fisikoa zein frontoiko entrenamenduak egin ditugu. Zailagoa izan zaigu hemen entrenatzea horrelako frontoirik ez dagoelako (30 metrokoak eta txapa bajuarekin), baina ahaleginak egin ditugu lau elkartu eta noizean behin entrenatu ahal izateko.
Eta zuen ingurukoek, zer esaten dizuete? Familia edo lagunak, baten bat ondoan izango al duzue Txilen?
Ingurukoek ere poz haundiz jaso zuten berria. Gu bion amak eta izeba bat joango dira gu animatzera bertara, eta lagunen bat ere han izango dugu ikasketak direla eta. Beraz, etxetik urrun egon arren, familiakoen indarra sentitu eta izango dugu. Bestalde, hemen geratzen direnen animorik ere ez zaigu faltako.
Konpetizioa bai, baina ondo pasatzeko unea ere izango duzue, ezta?
Egia esan, konpetizioak irauten duen bitartean ez dugu Santiago bisitatzeko aukera askorik izango. Beraz, astebete luzatuko dugu bidaia, eta bertan turismo pixka bat egiteko aprobetxatu nahi dugu. Hala ere, txapelketaren lehen eta azken egunetan ongietorri eta itxiera festak egin ohi dira beste herrialdetakoekin batera.