Dagoeneko egin dituzue Behobia-Donostia batzuk DYAko boluntario bezala. Nolako esperientzia izan da orain artekoa?
Guretzako egun oso berezia izaten da. Pentsa zenbat jende mugitzen duen karrera honek! Urte osoan izaten dugun zerbitzu jendetsuena izaten da; kanpoko jendea ere etortzen da laguntzera... Antolakuntza aldetik ere, guretzat erronka garrantzitsua izaten da; esperientzia ona. Guretzako egun berezia izaten da, gutxitan elkartzen baikara DYAko boluntarioak halako ekitaldi batean.
Nola bizitzen duzue egun hori? Intentsoa izaten da?
DYAko boluntarioak 140 inguru izaten gara egun horretan. 07:00etan izaten dugu hitzordua, Lezoko pabiloi batean, eta handik ateratzen gara bakoitza bere postuetara. Dena aurreikusita izaten dugu, zerbait larria gertatzen bada, zein pauta jarraitu behar ditugun, beharrezko materiala non dagoen... Eguraldiaren arabera ere, aurreikusi daiteke egin beharreko zerbitzuak nolakoak izango diren. Joan den urtean esaterako sekulako beroa egin zuen, eta bagenekien bero kolpeak eta lipotimiak izango zirela. Aurten aldiz, kontrako eguraldia espero da: euria eta hotza. Pentsatu jendea hiru ordu lehenago Behobian izaten dela, eta ateratzerako hoztuta egoten dela... Aurten ziurrenik horrekin lotuta izango dira asistentzia gehienak.
Beraz, eguraldiak asko baldintzatzen ditu izango diren atentzioak.
Zalantzarik gabe, guretzat eguraldiak markatzen du eguna. Joan den urtean bero haundia egin zuen, den garaia kontuan izanda; eta 2011n ere gauza bera gertatu zen, eta orduko esperientziak balio izan zigun joan den urtekoa antolatzeko. Hasiera hasieratik, mikrofonoetatik eskatu zitzaien korrikalariei lasterketa lasai hartzeko; ez zela markak egiteko eguna.
«Nahiz eta ematen den mezua kontrakoa izan, gehienetan, arazo larriak izaten dituzten korrikalariak izaten dira korritzera ohituta daudenak, maratoi eta abarretan ibiltzen direnak. Dena emanda, hustuta, helmugara iristea izaten dute helburu, eta asko ez dira konturatzen nola iristen diren...»
Tokatu zaizu egoeraren bat bereziki zaila edo gogorra izan dena?
Pertsonalki ez, baina lankideek bizitu izan dituzte. Esfortzu haundia eskatzen duen lasterketa bat da. Maratoietara ohituta dagoen askok hartzen du parte bertan, eta Behobia-Donostiak baditu berezitasun batzuk, askotan kontuan hartzen ez direnak. Askotan hitz egiten da halako lasterketetan parte hartzen dutenek errekonozimendu medikuak egin behar dituztela aurretik, ez direla nahikoa preparatzen... Eta ez da esaten, gehienetan, arazo larriak izaten dituztenak ohiko korrikalariak izaten direla, esan bezala, maratoi eta abarretan ibiltzen direnak. Dena emanda, hustuta, helmugara iristea izaten dute helburu; eta asko ez dira kontziente nola iristen diren, eseak eginez... Helmuga pasa eta batzuk erori egiten dira... horregatik izaten dira arazo gehienak bukaeran.
Zein gomendio emango zenizkiekete korrikalariei?
Biharko kasuan, arropa eramateko. Bertan hiru ordu zain egon behar badute, edari beroak hartzeko. Eta betikoa, lasterketa lasai hartzeko eta disfrutatzeko.
Aipatu duzu lehen, DYAko 140 boluntario izango zaretela bihar Behobia eta Donostia artean. Zein izango da DYAren despliegea?
140 boluntario izango gara guztira, eta horietatik 14 izango gara Urumeako delegaziokoak. 15 anbulantzi izango dira ibilbide osoan zehar; kontuan izan behar da, anbulantziek lasterketaren norantza berean egin dezaketela rekorridoa, atzera egin gabe. Beraz, motoak ere beharrezkoak dira; abisuren bat jasotzen denean, motoak gerturatzen dira, eta larritasunaren arabera, anbulantzia desplazatzen da. Biharkoan 12 moto izango dira ibilbidean. Eta horrez gain, DYAK 5 postu edo kanpaina jarriko ditu ibilbidean, korrikalariak atenditzeko.
Lasterketa DYAko boluntario ikuspegitik aztertu badugu ere, bizitu duzue korrikalari gisa?
Nik, Jonek, bai. Eta gozada bat da. Lasterketa oso berezia da, eta ibilbidea aldatu zutenetik are bereziagoa. Ibilbide osoan zehar dago publikoa, animatzen. Horrek bultzada ematen dizu, bizitasuna... eta hori zaila da beste edozein karreretan topatzea.
Urumeako 295 lagun, biharko Behobia-Donostian
Hogei kilometro eta ahaztezina izango den esperientzia izango dute bihar aurretik, Behobia Donostia lasterketa ospetsuan parte hartuko duten korrikalariek. 52garren edizioa izango da biharkoa, eta tramo gogorrez gain, eguraldia ere aurka izango dute partehartzaileak: hotza eta euria iragarri dituzte. Urumea bailaran jarraitzaile asko dituen lasterketa da, eta aurten ere, 295 lagunek hartuko dute parte. Korrika, Hernaniko 184, Astigarragako 103 eta Goizuetako 4 aterako dira. Patinetan berriz, Hernaniko 4. Guztiei deia egin die Kronikak, bihar 07:50etan Atletismo pistan, argazkia ateratzeko.