Udaberrirako antolatuko du BagaGiltza herri plataformak, erabakitze eskubideari buruzko herri galdeketa, Astigarragan eta Hernanin. Eta ordurako motorrak berotzen hasteko, Udaberri Festa antolatu dute gaurko. Hernanin burutuko dute, Atsegindegin, 16:30etatik aurrera. Ekintza desberdinak egiteaz gain, ekitaldi nagusia ere izango da, eta bertan iragarriko dute herri galdeketaren data. Sinadura-bilketa ere, orduan hasiko dute.
Aurretik zita, Joseba Barandiaran plazan
Hernanin elkartuko dira gaur arratsaldean, astigartar eta hernaniarrak, erabakitzeko eskubidearen alde; baina horren aurretik, topatzeko zita jarri du Astigarragako BagaGiltzak. Arratsaldeko 15:30etan aterako dira Joseba Barandiaran plazatik, eta pandero-jole, trikitilari eta dultzaineroen laguntzaz abiatuko dira Hernanirantz, oinez (euria egiten badu, autobusez joango dira).
Ergobian egingo dute geldialditxoa; bertakoak jaso, eta Hernanirako bidearekin jarraituko dute, ondoren.
Atsegindegira iristen direnean, 16:30ak pasata, ongietorri berezia egingo diete hernaniarrek astigartarrei.
500 sinadura behar, herri galdeketa antolatzeko
Herri galdeketa antolatzeko, herri bakoitzaren erroldaren %10aren babesa lortu beharko du BagaGiltza plataformak, hau da, 500 sinadura beharko dira Astigarragan eta 1.700, Hernanin. Horretarako, sinadura-bilketa hasiko du taldeak gaurko Udaberri Festan. Eta hasiera pixka bat girotzeko, apustua egin nahi izan diote beraien buruari: baietz Udaberri Festaren aurreneko asteburu honetan 100 sinadura bildu!
Horrez gain, datozen asteetan ere mahaiak jarriko dituzte sinadurak biltzeko: etzi anbulategian izango dira, 10:00etatik 12:00etara; ostegunean, pintxopotean, 19:00etatik 21:00etara, eta datorren igandean, hilaren 20an, Joseba Barandiaran plazan, 12:00etatik 14:00etara.
Babesa, udalak
Mozioa aurkeztu zuen Udalean taldeak Bagagiltza Astigarraga-Hernani prozesuari buruz. EAJ eta EH Bildu udal taldeak prozesuaren alde agertu dira; PSE-EEk, aldiz, ez du oztoporik jarri. Berria pozgarritzat hartu du taldeak: «Erabakitzeko eskubidearen alde ari gara lanean, herritarron garaia da, herritar guztiona. Emaitzak emaitza, 2017ko herri-galdeketaren arrakastaren gakoa jendearen partehartze anitzean dago».