Berezia izango da gaurko antzerki saioa Biterin, Koadernoa zuri obraren estreinaldia. Izan ere, «etxean» ariko dira Hika teatroko antzezle, zuzendari, gidoigile... «Biterin sortu da antzezlana, hemen jaio da», dio Miren Gojenolak, antzezleetako batek.
Baina beraiena bakarrik ez, hainbat herritarrena ere izango da estreinaldia, gaur iluntzeko 20:00etan kultur etxean: «beraien estreinaldia izango da, baina baita gurea ere. Bizi egin dugu obra, eta horren parte sentitzen gara. Gurea ere badela sentitzen dugu, zerbait mugitzen digu barruan», azaldu dute, antzezlanaren sormen prozesuan parte hartu duten hiru herritarrek; Maialen Apezetxeak, Mertxe Gomezek eta Malores Etxeberriak.
«Aukera ederra izan da, antzezleekin gertuko harremana edukitzea»
Martxotik azarora bitartean ari dira obrarekin lanean, eta Biterin egin dute prozesu hori, herritar talde baten laguntzarekin: «antzezle batentzat laguntza hori oso inportantea da; guk galdetu egiten genien, zer iruditzen zitzaien, ondo ulertzen ziren aldaketak, pertsonaiak... Desberdina da, ez gara gu bakarrik, gure ikuspegiarekin. Pentsatzen genuen, beraiei gustatzen bazaie, jendearen gustokoa izango da», nabarmendu du Gojenolak.
«Aukera ederra izan da guretzat, ikustea zenbat lan dagoen horren atzean, eta oso esperientzia aberasgarria izan da, antzezleekin egotea eta gertuko harremana edukitzea», dio Apezetxeak. «Niri irakurketa saioak egin zidan inpresioa. Gidoi guztia irakurri zuten, eta pentsatu nuen, ea nola eramango ote zuten hori dena eszenatokira», kontatu du Etxeberriak; «oraindik harrituta nago, nola egiten duten hain testu luzea ikasteko», Gomezek.
Pertsonaia batetik bestera aldatzeko, ahotsa, keinuak... nola egokitzen dituzten ere, izan da herritarrak harritu dituen zerbait, egin dituzten lau saio irekietan.
«Seguru gure apurra dagoela obran, gure aportazioa kontutan hartu dute»
Eta prozesuak aurrera egin bezala, ikasten joan dira: «hasieran, oso abstraktua ikusten duzu dena, dekoraziorik ere ez dagoelako. Oso arraroa egiten zaizu. Baina pixkanaka ulertu egiten duzu, eta azkenerako, bizi ere bai», dio Gomezek.
Etxeberriak gaineratu du, «oso polita» dela, «gutxi dakigunon aportazioa kontutan hartzea. Seguru gure apurra badagoela obran. Ez zen erabakigarria izango, baina gure iritzia isladatu da antzezlanean, eta segurtasun gehiago emango zien».
Agurtzane Aizpuru kultura teknikariak, bestalde, nabarmendu du «Biterirentzako ere oso aberasgarria» dela bertan konpainia bat edukitzea: «garrantzitsua da horrelako elkarlan bat izatea».
«Oso polita da, gutxi dakigunon aportazioa eta iritzia kontutan hartzea. Ez zen erabakigarria izango, baina segurtasuna emango zien».
20 urteren ondoren, berriz egin dute topo bi ahizpak...
Orain dela 20 bat urteko gizarte batean dauka bere abiapuntua obrak; Elizak pisu haundia zeukan garaian. Eta 20 urteren ondoren, bi ahizpak berriz egingo dute topo: batek ihes egin zuen askatasun bila, eta bestea amarekin geratu zen. 20 urtetako korapiloak askatuko dituzte. «Bernarda Albaren istorioa hona ekartzea izan da, nolabait», azaldu du Gojenolak.
Sarrerak, bukatuta
Goizean, DBH 4ko eta Lanbide Heziketako ikasleek gozatuko dute obraz, eta 20:00etan herritarrek. Sarrerak, ordea, bukatuta daude.
Badaude batzuk (15 inguru), Mami Lebrun antzezlana ikusteko, ostegunean 20:00etan.