Bukatzear dago Udazken Kulturala, Ereñotzun. Eta itxiera, josketan eta euskeraz emango diote auzotarrek.
Horietako bat izango da joste-konponketa ikastaroa. Astearte honetan egin dute aurreneko saioa, eta beste bi egingo dituzte: azaroaren 15ean bat, eta azaroaren 22an azkenekoa. Saio horrekin bukatuko da, modu berean, Ereñotzuko Udazken Kulturala.
Juani Otxotorenak eta Maria Jesus Huiziren eskutik ikasiko dute josten eta konponketak egiten, eta ordubeteko saioak izango dira, arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara. Auzo Udaleko areto nagusian izango dira bi saioak.
Txirrita eskola eta Auzo Elkartea, indar proban
Baina esan bezala, euskerak ere toki nabarmena izango du Ereñotzun, Udazken Kulturalaren azken txanpa honetan. Izan ere, astebetez euskera hutsez egiteko konpromisoa hartu dute Ereñotzuko Auzo Elkarteak eta Txirrita eskolak; eta gonbitea luzatu diete auzotar guztiei ere, ekimen horretan parte hartzeko.
Euskara ari du Hernanin egitasmoaren parte da, Eutsi euskarari indar proba. Urriaren 15ean hasita, talde, elkarte eta eragile desberdinek astebeterako hartu dute konpromisoa, eta ereñotzuarrek, astelehen honetan hartuko dute txanda, azaroaren 20ra arte.