Hernani Erabaki parte-hartze prozesuaren bitartez aurtengo Udal aurrekontuetan onartutako proposamenak egiten ari da Udala; azkeneko biak, iazko parte-hartze prozesuan onartutakoak izan dira: Sorgintxulotik, Garaiar ondotik, Galarretara dijoan bidea argiztatzea batetik, eta Santa Barbara auzoaren aldapan, harrobira bidean, lur-jauziak saihesteko harrizko euste-horma bat jartzea.
20.000 eurotik gora, bi proposamenak egiteko
2015ean egindako Hernani Erabaki parte-hartze prozesuan onartu, eta 2016ko Udal aurrekontuetan txertatu ziren bi proiektu hauek 20.000 eurotik gorako aurrekontua izan dute.
Sorgintxulotik Galarretarainoko bidea argiztatzeko 15.232 euroko inbertsioa egin da, eta Santa Barbara auzoko euste horma egiteko, 8.065 eurokoa.
Aurtengo prozesua, azken fasean
Bestalde, aurten ere martxan jarri da Hernani Erabaki parte-hartze prozesua, 2017ko Udal aurrekontuetako 500.000 euro zertan inbertitu herritarren artean erabakitzeko.
Azken fasean sartu da prozesua; hau da, aurrera egin duten 34 proposamenetatik 10 aukeratu behar dituzte herritarrek. Hain zuzen, proposamen horiek aurkezteko, auzoz auzo bilerak egiten ari da Udala; gaur, 19:00etan Karabelen egingo da bilera, eta bihar, ordu berean, Sorgintxulon. Azken biak datorren astean egingo dira, Etxeberri-Floridan eta Zikuñagan.