Bizikidetzaren aldeko herritar ekimena bultzatu dute 10 hernaniarrek azken bi urteetan, «desberdinekin elkartzeko beharrak» edo «besteak entzun eta ulertzeko nahiak» edota «hitz egin eta eztabaidatzea, egin daitekeen eta egin behar den zerbait dela sinisteak» bultzatuta. «Desberdin pentsatzen dugunok ez dugu zertan etsai izan behar!».
Errioguardan, «gure txokoan», bildu izan dira hilean behin, asteartez, eta txoko hori ireki eta herritarrekin mahai-ingurua antolatu zuten herenegun, bi urte hauetan bizi izandakoa kontatzeko; hernaniar gehiagori zabaltzeko bizikidetzaren aldeko erronkari heltzeko gonbidapena.
Errenteria, abiapuntu
Hiruzpalau hernaniar Errenterian, biktima desberdinen arteko elkarrizketetan izan ziren orain bi urte pasatxo, eta hango esperientzia Hernanira ekarri zitekeela pentsatu zuten.
Esan eta egin. Batzuk elkartzen hasi zirelako, eta beste batzuk, elkartzeko deia jaso zutelako; Ricardo Crespo Rubio, Itziar Egiguren Rekalde, Antton Elorza Puyadena, Felipe Etxeberria Agirretxe, Jon Fernández Usarraga, Juan Batti Izagirre Santesteban, Yon Nabarro Ezkerra, Rosa Pellejero Alkorta, Iratxe Ugalde Etxezarreta eta Arantzazu Zugasti Arizmendi izan dira azken bi urte hauetan ariketa egin dutenak, batak bestea errespetuz entzutekoa, aurreiritziak gainditu eta elkar ulertzekoa, batak bestearen bizipenak ezagutzekoa, barrua hustu eta biluztekoa, orain arteko elkarbizitza arautu duten kodigo hertsiak puskatzekoa.
Horrela, erabaki dute «egia bakar baten ordez, egietaz hitz egitea. Indarkeria kontzeptu zurrun eta bakarraren aurrean indarkia bat baino gehiago daudela kontuan izatea. Biktima mota bakarra dagoenaren ideiaren aurrean, beren eskubideak ukatzen zaizkienen sufrimendua onartzea».
Oinarri sendoa prest, gai korapilatsuei heltzeko
Hori guztia egiteko, konfiantzazko giro segurua sortu behar izan dute taldekideen artean, eta orain, «oinarri sendoa jarrita, gai korapilatsuei heltzeko prest» daudela sentitu dute. Horregatik eman nahi izan dute ezagutzera orain arte egindako lana, «herritarren arteko bizikidetza inklusibo bat lortze aldera».
Hori horrela, taldetik kanpoko herritarren iritziak jaso nahi izan zituzten; helbide elektronikoa ere eskura dute: bizikidetzahernani@gmail.com. Era berean, talde hetereogenoa izanda ere, Hernani osoa ordezkatzea ezinezkoa dela azaldu zuten, eta talde gehiago sortzera animatu zituzten herritarrak. «Denok egin dezakegu ekarpenen bat».