Herritar talde batek antolatuta, Elkartasuna Errefuxiatuekin jardunaldiak antolatu dituzte Astigarragan gaurtik igandera bitartean. Argi izpi bat itsas ilunean. Ongi etorri errefuxiatu! izenburupean, hainbat ekintza egingo dituzte herrian, «errefuxiatuen egoera latza ezagutzera emateko», antolatzaileek azaldu dutenez.
Pintxo-potea, aurreneko egunean
Herriko hainbat tabernatan egingo den pintxo-pote solidarioarekin hasiko dituzte ekintzak. Bertan, pintxo bereziak eskaintzeaz gain, errefuxiatuen egoerari buruzko informazioa zabalduko dute eta SMH (Salvamento Marítimo Humanitario) taldeko kideei laguntzeko eltxetxoak ere jarriko dituzte.
Etziko eguna, erreflexiorako
Jardunaldietako egun haundia izango da, etzikoa; orduan izango dute aukera herritarrek errefuxiatuen egoera aurrez aurre zein den jakiteko. Goizeko 09:00etan, Yo estoy con la novia pelikula ikusiko dute Arantzazuko Ama BHIko 4garren mailako ikasleek, eta ondoren, solasaldia izango dute protagonistekin.
Arratsaldean, beste bi zita izango dira, kasu honetan, herritar guztiei irekiak direnak. 19:30etan izango da aurrenekoa: kultur etxean eskainiko dute hitzaldia SMHko bolondresek. Ondoren, La Zanja antzezlana ikusteko aukera izango da leku berean, elkartasunezko 5 euroren truke.
Beste bi ekintza, asteburuan
Igandean emango diote bukaera errefuxiatuen inguruko programari, baina horren aurretik, bi ekintza izango dira asteburuan. Larunbatean, Yo estoy con la novia pelikula ikusi ahal izango dute herritarrek kultur etxean. Iluntzeko 20:00etan jarriko dute, eta elkartasunezko 2 euro ordaindu beharko dira. Ikasleekin egin bezala, proiekzioa bukatuta, solasaldia izango da protagonistekin.
Bukatzeko, azoka solidarioa izango da igandean. Joseba Barandiaran plaza postuz beteko dute eguerdiko 12:30etatik 14:30etara, eta bertan jarriko dituzte salgai, besteak beste, Zaporeak eta SMH taldeetako materiala, gozoak, pintxoak eta pitxiak. Umeentzako jolasak edo musika ez dira faltako.
Argazki erakusketa, ere bai
Gainera, jardunaldiek iraun bitartean, erakusketa jarriko dute Ikatza, Zipotza eta Ogi Berrin Javi Julioren argazkiekin. Grezian ateratako argazkiak dira, eta errefuxiatuek bertan bizi dute egoera zuzen zuzenean islatzen dute.
«Begiak zabaltzeko garaia da»
Jardunaldi hauek antolatzean, «errefuxiatuen gaiari aurrez aurre begiratzeko gonbidapena» egin nahi diete herritarrei: «200.000 pertsona hil dira, 4.000.000 pertsonatik gora errefuxiatu daude, Europa mugak ixten ari da, pertsona horiei sartzea galerazteko. Gerra, suntsipena, familiak deseginda, beraien herria eta bizimodua utzi eta ihes egin beharra... Ihesean doaz, datoz, babes bila, odol eta heriotzarik gabeko bizimodu duina amets dutela».
Baina, kexa dira: «telebistaren pantailari begira jarri eta ez da denbora askorik egin behar munduan barrena miloika pertsonek bizi duten drama zuzenean ikusteko. Zoritxarrez, irudi horiek ez digute barrena astintzen. Ohitu egin gara. Urrun geratzen dira, tamalez, gure eguneroko bizimodutik urrunegi».
Horren aurrean, diote: «Europa ez da herri eta pertsona horiei behar eta merezi duten eskuzabaltasunik ematen ari». Horregatik, aldarrikatu nahi dute: «begiak zabaltzeko garaia da!».
JARDUNALDIETAKO PROGRAMA
BIHAR, osteguna:
- Pintxo-pote berezia eta solidarioa.
Herriko tabernetan pintxo bereziak eskainiko dira, errefuxiatuen egoeraren inguruko informazioa helaraziko da, eta SMHko kideei bere salbamendu lanetan laguntzeko eltxetxoak denon eskura jarriko dira.
ETZI, ostirala:
- 09:00: Yo estoy con la novia.
Arantzazuko Ama BHIko 4. mailako ikasleei zuzendutako pelikularen proiekzioa. Ikasleek, filmaren ondoren, protagonistekin solasaldian aritzeko aukera izango dute,
Sinopsia: Poeta palestinar batek eta kazetari italiar batek, Europara Lampedusa uhartetik Siriako gerratik ihesi iritsi diren 5 palestinar eta siriarrekin topo egiten dute Milanen. Beraien Suediarako bidaia bukatzen laguntzea eta erabakitzen dute ezkontza fiktizio bat antolatzen.
- 19:30: Solasaldia. Sorosle eta itsas salbamenduetan dabiltzan SMHko bolondresen esperientzia eta hango errealitatea ezagutzeko aukera izango dugu.
- 20:30: La Zanja antzezlana, kulturarteko errefuxiatu migrantez osatutako ‘Caminos para crecer’ taldearen eskutik. Gaztelaniaz. Elkartasunezko 5 euro.
Sinopsia: Maria eta Ousmanne bikote bitxi, arraroa da. Maria, agian, desorekatu samar. Ousmanne, etsituta seguruenik. Elkarrekin esnatutako gauaren sakontasunean ontziratuko gaituzte. Errealitate, esperientzia, testigantzen programa bat. Benetako pertsonekin bidaiatuko dugu, bere benetako istorioekin. Egiaz betetako pertsonak, beraien egia kontatuko digutenak. Munduari enbarazu egiten dion egia.
AZAROAK 12, larunbata:
- 20:00: Yo estoy con la novia proiekzioa, eta solasaldia protagonistekin. Gaztelaniaz. Elkartasunezko 2 euro.
AZAROAK 13, igandea:
- 12:30-14:30: Azoka solidarioa. Zaporeak eta SMHren materiala,
gozoak, pintxoak, pitxiak... salgai. Umentzako jolasak, musika... ere bai.