‘Hernani’ Musika Eskolako hainbat ikasle Alemanian, Nordhorn hirian izan berri dira, bertako ikasleekin elkartrukean. Izan ere, iazko ikasturtean haiek izan ziren hemen, Europa osoko 8.000 ikasletik gora elkartu zituen EMUSIK jaialdian parte hartzeko, Donostia2016 ekimenaren bueltan.
Musika eta kultura partekatzen
Lau taldek bidaiatu dute Alemaniara: akordeoi orkestrak, Maribel Insaustiren zuzendaritzapean; Hernasax saxo taldeak, Idoia Mujikak gidatuta; Dakapo abesbatzak, Garbiñe Orbegozoren batutapean; eta Irati Garcia eta Gema Ines txalapartariek.
Talde bakoitzak hainbat pieza jo zituen, eta denak elkarrekin aritu ziren, bukatzeko.
Hernaniarrek «harrera ezinhobea» egin dietela azpimarratu dute, eta horri esker, Nordhorn ezagutzeko aukera eduki izana. Era berean, Brujas, Gante eta Bordele ere ezagutu dituzte. Bestalde, pozik azaldu dira, «txalapartak Nordhorn-eko perkusio taldean sortutako interesa» medio.
9225, sariduna
Bidaiarako laguntza lortzeko errifak saldu zituzten, eta 9225 zenbakia izan da saritua; 943 33 70 50ra deitu behar du.