Laugarrenez jarriko dute martxan Hernanin, Euskara ari du egitasmoa. Baina oraingo honetan, astebeterako ez, bi hilabeterako izango da.
Helburu berdinarekin, herrian euskera gehiago erabiltzea, «erronka haundi xamarra» jarri dute aurten: «urrian eta azaroan euskeraz bizi nahi dugu», azaldu zuen Juan Mari Larrarte, antolakuntza taldetik, astearteko aurkezpenean.
Astebeteko konpromisoa, herritar guztiei eskaera
Asmoa da, herritarrek, elkarteek eta taldeek konpromisoa hartzea, gutxienez astebetez euskeraz egiteko, urriaren 15etik azaroaren 26ra bitarteko sei aste horietan: «euskaldunek eutsi egin behar diote euskerari, ahal duten guztietan euskeraz eginez; ulertu bai baina hitz egiteko gai ez direnak, ulertzen saiatzea nahi dugu; eta ulertzen ez duenari, pazientziaz entzuteko eskatuko diogu, eta gero eskatzeko argibide gehiago, berak ulertzen duen hizkuntzan», azaldu zuen Larrartek.
Horrekin lortu nahi dute, jendea konturatzea «ez dela hain zaila ohiturak aldatzea, uste baino gehiagok dakitela edo ulertzen dutela euskeraz, dakigunok egiten badugu, ez dakitenek errazago ikasiko dutela, eta keinu txiki honekin aldaketa haundi bat eragin dezakegula Hernanin».
Berotzeko, hitzaldi sorta
Ekimen nagusi horri heldu aurretik, hitzaldi sorta bat ere prestatu dute, berotzeko: «arituak eta adituak izango ditugu hitzaldi horietan, teoria eta praktika uztartu nahi izan ditugu». Eta tailer bat ere egingo dute, urriaren 15ean, lantzeko «nola egin aurre aldaketa horretan sortu daitezkeen konflikto egoerei, elkar ulertzeko erderara pasa gabe eta tentsiorik sortu gabe», azaldu zuen Malores Etxeberria euskera teknikariak.
Koro Etxeberria kultura eta euskera zinegotziak azaldu zuen, azkenik, aurtengo egitasmoa «izugarri bikaina» iruditzen zaiola Udalari, «egitasmo sakon eta potente bat» prestatu dutela antolatzaile guztien artean. Eta goraipatu zuen, Hernanin elkarlanerako dagoen joera: «elkarlan horrek aukera asko ematen ditu».
EUSKARA ARI DU HERNANIN 2016
BEROKETA SAIOAK
Urriak 3, Bilbon eta Donostian posible izan da euskaraz bizitzea. Eta Hernanin? Lutxo Egia idazlea eta Donostiako Egia auzoko kideak. 19:00etan, Biterin.
Urriak 4, Hizkuntza ohiturak aldatu daitezke. Pello Jauregi irakaslea eta ikerlaria, eta Hernaniko AEKko ikasleak. 19:00etan, Biterin.
Urriak 10, Euskaldunon hizkuntza eskubideak eta jokabideak. Zeren zain gaude? Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendaria eta Estitxu Eizagirre Argiako zuzendaria. 19:00etan, Biterin.
Urriak 13, Euskahaldundu, zergatik eta zertarako? Lorea Agirre, Jakin aldizkariko zuzendaria.
Urriak 15, TELP tailerra: estrategiak eta baliabideak. Zer egin eta nola gure egunerokoan, lagunartean, erosketetan, familian, elkartean... euskarari eusteko.
IRTEERA EKITALDIA
Urriak 15, 13:00etan Plaza Berrin.
INDAR PROBA, EUTSI EUSKARARI
Urriaren 15etik azaroaren 26ra, Ahal duzun guztietan egin euskaraz. Bizi zaitezke euskaraz? Ez pasa gaztelaniara. Ulertzen baduzu, ez eskatu gaztelaniaz egiteko. Ireki belarriak eta saiatu ulertzen.
*Izenemateak, irailak 26-urriak 14: dobera@dobera.eus, euskaraaridu @gmail.com, euskaraariduhernanin @gmail.com, 943 33 27 99 (Dobera), 943 55 78 01 (AEK), edo Doberan eta AEKn (Larramendi 11).