Hamairugarrenez Emakundek martxan jarritako autobus ibiltaria, Berdintasun Gunea, atzo iritsi zen Astigarragara, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko asmoz.
Goizean zehar Astigarragako Herri Eskolako 6garren mailako ikasleak eta Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolako ikasleak izan ziren bertan, hainbat tailerretan parte hartzen, eta arratsaldean, herritar guztiei zuzendutako hainbat ekintza izan ziren; Harituz elkarteak ere hartu zuen parte, berdintasunaren aldeko matazak eginez.
«Desberdintasunak asko direla ikusi dugu»
Astigarragako Herri Eskolako ikasleak izan ziren atzoko eguneko tailerretan aurrenekoan. Bertan, «oso ondo pasa eta asko ikasi» zutela adierazi diote Kronikari.
Besteak beste, neska eta mutilen artean dauden desberdintasunak zein diren aztertu zuten. «Desberdintasunak asko direla ikusi dugu. Adibidez, kalera ateratzerakoan, mutilei esaten zaie ondo pasatzeko, eta neskei, berriz, kontuz ibiltzeko».
Jolasak ere egin zituzten, eta bukaeran, berdintasunaren aldeko meme bat egin zuten; «neska ala mutil, beti berdin!».