Auzo Udalak dagoeneko jakinarazi du, osasun kontuekin lotutako datozen zitak noiz izango dituzten ereñotzuarrek. Aurrenekoa, azaroaren 7an izango da, eta bestea, azaroaren 11n.
Aurreneko zita, odola emateko
Azaroaren 7an egingo dute aurreneko bisita Ereñotzura, osasunaren arloko profesionalek. Orduan, odola emateko aukera izango dute auzotarrek, Auzo Udaleko aretoan. Aurreko hitzorduetan bezala, arratsaldeko 18:00etatik 20:30etara egongo dira bertan, eta nahi duenak, denbora-tarte horretan agertu besterik ez du.
Gripearen txertoa jartzeko, izenematea
Bestalde, aste honetan hasi da gripearen kontrako txertoa jartzeko kanpaina. Horregatik, azaroaren 11n jarri dute zita, txertoa jarri nahi duten ereñotzuarrentzat. Goizeko 11:00etan izango dira Auzo Udalean, baina bertaratu ahal izateko, derrigorrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, Auzo Udalera deitu beharko da: 943 55 10 00.