Bi kontzertu berezi eskaintzeko bat egin dute Hernaniko Musika Bandak eta Donostiako Txistulari Bandak. Aurrenekoa bihar izango da, 12:00etan Donostiako Antzoki Zaharrean, eta hurrena, hilaren 12an Hernanin, 20:00etan San Joan Bataiatzailea parroki elizan. Biak debaldekoak izango dira; sarreran bertan txartela eskatu beharko da.
Txistuaren hots fina, musika bandarekin batuta
Ez dira ohiko emanaldiak izango; txistua eta musika banda bat eginda entzuteko aukera izango baita.
Tartean, Tomas Araguesek idatzitako Txistua eta Orkestrarako Kontzertua entzuteko aukera izango da; Jose Ignazio Ansorenak estreinatu zuen 1984an, eta Jon Ansorena txistulari hernaniarra izango da bakarlaria, oraingoan.
Hain zuzen, Jon Ansorenak orain urtebete bukatu zituen Goi Mailako txistu ikasketak Donostiako Musikenen, eta ikasketa amaierako lana Araguesen obra honi buruzkoa egin zuen. «70eko hamarkadan txistuak hobekuntza nabarmenak izan zituen, bereziki, afinazioari eta errepertorioari dagokionean. Eta Tomas Araguesek, aurrenekoz, txistua eta orkestra uztartuko zituen Kontzertua idatzi zuen, hain zuzen, Jose Ignazio Ansorenari berari eskainia; neurri haundi batean, ordura arteko txistuaren afinazio arazoak konpondu zirelako», azaldu du Jon Ansorenak.
Bi emanaldiak debaldekoak izango dira; sarreran bertan txartela eskatzea nahikoa izango da.
Obra alaiak eta sakonak
Aragusen Kontzertua ez da, ordea, Hernaniko Musika Bandak eta Donostiako Txistulari Bandak joko duten bakarra, Roberto Pachecho eta Jose Ignazio Ansorenak zuzenduta.
Txistuaren soinu dantzaria bestelako tresnek emandako sakontasun eta koloreekin nahastuko dela diote programan. Besteak beste, joko dituzte Sorozabalen Donostia, Aranbururen Hartzaren ehiza, Gorosarriren Idiarena, Erauskinen Mendirik Mendi...