Argentinako Necochearako bidea hartuko du gaur San Joan Konpartsak. Hilabeteak daramazkite bidai hau prestatzen, dirua lortzen... eta azkenean iritsi da eguna: goizeko 09:30etan aterako dira Biteri ondotik.
Argentinako Necochea hirian egongo dira azaroaren 7tik 13ra, eta parte hartuko dute bertan ospatuko duten Euskal Nazioen astean. Ez dira gainera, parte hartuko duten euskal dantza talde bakarra izango: Azpeitiako Ikasberri ikastolako gurasoen dantza taldea ere, bertan izango da. Aste horretan zehar, Argentinako beste hainbat euskal etxeetako 23 talde ere ariko dira dantzan.
Bi dantza emanaldi egingo dituzte. Aurrenekoa hilaren 12an, Paris Zine Antzokirako bidean kalejiran joango dira, erdigunetik. Bestea 13an, Dardo Rochaneko plazan dantzatuko dute.