Hernaniko udalak omendu egingo ditu gaur, indar frankistek 1936an Hernanin fusilatutako 200 pertsonak. Hilerrian izango da omenaldia, eguerdiko 12:00etan. Ekitaldia Irati Sarasuak eta Jon Odriozolak aurkeztuko dute; musika Joxan Goikoetxeak jarriko du eta bertsotan Amets Arzallus ariko da. Ondoren, erakundeetako ordezkariek hartuko dute hitza. Hernaniko alkatea, Luis Intxauspe izango da horietako bat. Eta bertan izango dira, baita ere, Maribel Vaquero, Bizikidetza eta Giza Eskubideen foru zuzendaria; eta Aintzane Ezenarro, Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuaren zuzendaria. Ekitaldira gonbidatu dituzte, baita ere, biktimen eta fusilatuen senideak, fusilatuen herrietako Udalak edo Alkateak, memoria lantzen duten elkarteak, eta noski herritarrak. Ekitaldi honekin frankismoaren errepresioaren biktimei merezitako aitortza eskaini nahi die Udalak.
«Frankisten errepresio odoltsu eta krudelaren sinbolo bihurtu zen Hernani»
Oroimena berreskuratuz izenburupean antolatu ditu Udalak, gaurko omenaldia eta herenegungo proiekzio-solasaldia. Ekimenen bueltan ateratako eskuorrian, Udalak gogora ekarri ditu 1936an gertatutakoak: «tropa frankistak 1936ko irailaren 12-13an sartu ziren Hernanin; eta hurrengo urteetan errepresio bortitza pairatu zuten hernaniarrek. 1936ko irailaren bukaeran, frankistek ia Gipuzkoa osoa okupatu zuten». Behin Gipuzkoa hartuta, Hernani exekuzio gune bihurtu zen: «200 bat pertsona fusilatu zituzten: errepublikarrak, sozialistak, komunistak, abertzaleak...». Errepresioak luze iraun zuen: «oraindik ere, irauten duela esan dezakegu. Jarraitzen du, frankismoko biktimen memoria berreskuratu ez delako, pertsona haiek eta haien senideek merezi duten aitortza jaso ez dutelako, justiziarik egin ez zaielako»