Datorren larunbatean egingo duzue Udaberri Festa Ave Maria Parkean. Izen bitxia, urtaroa kontuan izanik, ezta?
Bai, hala da. Orain arte, udaberrian egin izan da festa hau, baina, joan zen udaberrian, herri antzerkia izan genuen. Orain, izena mantentzea erabaki zuen taldeak, besteak beste, udaberriak berritasunari keinu egiten diolako; aro, ikuspegi eta giro berriak sortzeari, esate baterako. Gainera, herri galdeketa udaberrian gauzatuko denez, guk jada atzerako zenbaketa abian jarri dugu eta azaroaren 12an 2017ko udaberri koloretsuari ateak ireki nahi dizkiogu.
Hernanin egingo bada ere, astigartarrek ere parte hartuko dute. Nolatan hasi zenuten elkarlan hori? Eta nola jarraituko du?
Bai, Astigarragak eta Hernanik parte hartuko dute festan, baina elkarlan hori zabalagoa da, festatik haratago doa.
Eta nola hasi zen? Zenbait herrik banaka antolatu izan dituzte erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak, beste batzuek eskualdeka, nazio-mailan ere egin ziren giza katea eta hiriburuetako festak... Bihar bertan, Oarsoaldeakoek giza katea antolatu dute, eta denoi egin digute parte hartzeko deia. Datozen hilabeteotan ere gero eta gehiago ikusiko ditugu horrelakoak, bereziki herri galdeketen kasuan. Bakaikuk eta Dimak berehala dute hitzordua, azaroaren 27an; eta, gero, beste asko datoz: Oarsoaldeakoek martxoan egingo dute; Sakanako hainbat herri datorren ekainerako prestatzen ari dira; Goizueta, Leitza, Areso, Larraun eta Araitz ere badabiltza antolaketan; Aramaio; Uribe Kosta; Lesakan, Etxalarren, Igantzin, Arantzan eta Beran egingo dutela erabaki zuten... azkeneko asteotan ere erabaki bera hartu dute toki askotan, eta herri eta eskualde ugari datoz, batzuk banaka eta besteak bateratuta.
Nolabait esateko, erabakitzeko eskubidearen inguruan sortzen ari den mugimenduak herri arteko uhinak ere eragiten dituela garbi sumatzen da. Mamia duen zerbaiten seinale da indar edo mugimendu hori: ekimen osoaren atzean sendotasun-maila haundia duen aldarrikapen bat dago, erabakitzeko eskubidea, gurea zilegitasun osoz; hori, batetik, eta, bestetik, gure herria eta gizartea beste modu batera eraikitzeko nahiak eta premia nabarmenak batzen gaitu. Hori Astigarragan eta Hernanin ere nabaritzen da, eta eskubide, desio zein behar horiek erabat demokratikoak diren ariketetan gorpuztu nahi ditugu, hau da, herri galdeketetan. Eta gauzak horrela, kontuan izanda bi herrien gertutasuna, harremana eta antolakuntzarako abantailak, nahiko natural sortu zen elkarlana, bai galdeketak prestatzeko, baita Udaberri Festarako ere; beraz, datozen hilabeteotan horrela jarraituko dugu.
Zer aurkituko dute herritarrek festa horretan?
16:00etan hasiko gara Hernanin. Giro bikaina izango dugu, beti bezala, parte-hartze haundiarekin. Astigarragako eta Hernaniko kirolariak, dantzariak, margolariak, haurrentzako jolasak, taberna... izango dira bertan, eta, jakina, festaren ardatza den ekitaldi nagusia. Ekitaldi horretan, Astigarragako eta Hernaniko herri galdeketen data iragarriko dugu, eta herri galdeketa horiek egin ahal izateko behar diren sinadura-bilketen kanpaina ere aurkeztuko dugu.
Horren aurretik, astigartarrek hitzordu berezia dute 15:30etan. Izan ere, oinezko martxa antolatu da Astigarragatik Hernanira. Joseba Barandiaran plazan elkartu, txupinazoa bota eta trikitilari eta pandero-joleen konpainian, guztiek elkarrekin, tipi-tapa, bideari ekingo diogu. Ergobian geldialditxo bat egingo da, bertako bizilagunek ere bat egin dezaten.
Festa eguna izateaz aparte, orduan hasiko duzue sinadura-bilketa, zein helbururekin?
Bai, Udaberri festan bertan ekingo diogu sinadurak biltzeari. Hala ere, esan behar da bi hilabeteko epea dugula behar diren sinadura guztiak biltzeko. Eta Astigarragako eta Hernaniko herriguneetan ez ezik, auzoetan ere ibiliko garela, izan ere, auzoetara joateak aukera emango digu, sinadurak biltzeaz gain, herri galdeketari eta erabakitzeko eskubideari buruz jendearekin hitz egiteko. Garrantzia haundia du jendeak ekimenaren berri izateak, ulertzeak eta parte hartzeak. Eta bide batez, gaurko Kronikan eman diguzuen aukera hau aprobetxatu nahi genuke jendeari jakinarazteko zein diren sinatzeko baldintzak: 16 urte beteta eduki behar dira, Astigarragan edo Hernanin erroldatuta egon behar da, eta bi baldintza horiek betez gero, bakoitzak bere herrian sinatu dezake.
500 sinadura biltzea da Udaberri Festarako hernaniarrek jarri duzuen erronka. Astigartarrek berriz 100 sinaduratan duzue jomuga. Baina, zenbat sinadura behar dituzue?
Hori hernaniarrok nahiz astigartarrok geure buruarekin egindako apustua da: baietz Udaberri Festaren aurreneko asteburu horretan Hernanik 500 eta Astigarragak 100 sinadura bildu! Mahaiak prest egongo dira festan bertan, sinadurak eman ahal izateko.
Dena dela, bildu beharreko sinadura kopurua erroldak markatzen digu: 16 urtetik gorakoen %10. Kopuru absolutuetan esanda, Hernanin 1.700 sinadura behar dira herri galdeketa egin ahal izateko, eta, Astigarragan, 500. Horretarako, esan bezala, bi hilabete ditugu; baina, egiari zor, gehiago lortuko ditugula konbentzituta gaude gutako asko. Esango dizuegu!
Eta gainera, bertan egingo duzue publiko herri galdeketa noiz izango den. Zergatik atzeratu duzue jakinarazpen hau?
Bai, Udaberri festan iragarriko dugu data, baina ez dugu atzeratu iragarpen hori. Kontua da udaberrian egitekotan geundela, hori gutxi gorabehera espero genuen, baina data zehatza azkeneko batzarrean onartu zen, hau da, urriaren 29ko batzarrean; eta erabakiari ahalik eta oihartzunik haundiena emateko tokirik eta modurik egokiena azaroaren 12ko hitzordua zela ikusi genuen, aurrez aurre, astigartarrak eta hernaniarrak bilduko dituen Udaberri Festa honetan.
Herri galdeketari begira, zerbait gehiago zehaztu duzue?
Bai, esan dezagun beste zenbait ekimen eta eginkizun labean daudela, eta horien arteko lehena berehala aterako dela. Hain zuzen, laster hitzordu garrantzitsu bat dator. Galdeketaren eguneko galdera sortzeko taldea prestaketa lanetan ari da, eta azaroaren 23ko 18:30etan Biterin biltzeko deialdi irekia egingo zaie astigartar eta hernaniar guztiei. Interesa duten guztiei galdera sortzeko lanketa nola egingo den azaltzea izango da bilera horren helburua; eta, jakina, galdera sortzeko bide horretan parte hartzeko gonbita egitea ere bai, izan ere, horretarako egingo diren saioetan askotariko jendea elkartzea nahiko genuke. Hori ere Udaberri festan adieraziko dugu.
Zer espero duzue Udaberri Festako egunaz?
Orain arte antolatutako ekimenek oso harrera ona izan dute, festek, giza kateak, antzerkiek eta bestelakoek. Azkena Hernaniko apeaderoan atera genuen argazki erraldoia izan zen, eta, lehenik eta behin, eskerrak eman nahi genituzke jendeak ematen duen erantzunarengatik. Gainera, esan behar da festa giroko ekimenetatik aparte, batzarretan, lan taldeetan eta abarretan ere lagun asko gabiltzala. Jendeak ematen duen erantzun hori pizgarri haundia da guretzat, eta herri honek duen behar eta ilusio baten isla ere bada neurri batean. Gure herriak zein motatako etorkizuna nahi duen erabakitzeko eskubidea, nahia eta premia dauka, eta ekimen hauetako bakoitzak aurreranzko bultzada ematen digute denoi. Eta, orain, Udaberri festa honetaz espero duguna da harrera horrekin jarraitzea, jendeak sinadurekin eta iritziekin parte hartzea, eta gure erabakitzeko eskubidearen aldeko hazia denon artean ereiten segitzea. Zalantzarik gabe, laster fruitua emango du.
Bilera informatiboa etzi, Astigarragan
Prozesuaren inguruan herritarrei informazioa emateko, bilera antolatu du Astigarragako BagaGiltza taldeak, etzi, astelehena. Kultur etxean izango da, 19:00etatik aurrera, eta herritar guztiei luzatu diete gonbitea: «prozesuaren inguruan informatu edota parte hartu nahi lukeen pertsona oro, ongietorria izango da!», animatu dituzte.