Donostia 2016rekin elkarlanean, 1982an Xabier Letek oholtzaratu zuen Gabon Txirrita antzerki herrikoia ikusteko aukera izan da aurten, Donostian bertan, eta Urnietan. Gaurkoan, antzezlana ikusteko azken aukera izango da, Ereñotzun. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak badira oraindik; 7 eurotan salduko dira, bertan.
Txirrita, arlote alferra ala bertsolari zorrotz eta argia?
Guztira, 50 bat herritar baino gehiagok osatutako emanaldia izango da gaurkoa, Mikel Laskurain eta Miren Gojenolaren zuzendaritzapean. Tartean ez da faltako, ereñotzuar edo hernaniarren bat ere.
Baina aktoreek bakarrik ez; publikoak ere izango du gaur lanik. Izan ere, antzezlanean zehar Txirritaren bizitzako hainbat pasarte aztertuko dira, eta bertan egingo den epaiketan egingo den galdera airean geratuko da; nor izan zen Txirrita, arlote alferra, ala bertsolari zorrotz eta argia?
Ikastaroa, hitzaldia, indar proba eta mendi bueltak
Udazken Kulturaleko egitarauaren zati haundi bat hartu dute Txirritaren bueltako ekitaldiek, 80 urte bete baitira aurten, hil zela. Egitaraua ez da, ordea, gaurko antzezlanarekin bukatuko.
Batetik, oinarrizko joste-konponketa ikastaroa emango dute Juani Otxotorenak eta Maria Jesus Huizik, hilaren 8, 15 eta 22an, 19:00etatik 20:00etara. Oraindik badago izena emateko aukera, Auzo Udalean (943 55 10 00).
Bestalde, azaroaren 9an hitzaldia izango da seme-alabentzat sare sozialek sortu ditzaketen arazoen inguruan.
Era berean, mendi irteerei ere eman diete hasiera. Pasa den igandean egin zuten aurrenekoa, eta azaroaren 27an eta abenduaren 18an egingo dituzte hurrenak.
Azkenik, Eutsi Euskarari indar proban hartuko dute parte Auzo Elkarteak eta Txirrita ikastetxeak, azaroaren 16tik 20ra, eta animatzeko deia luzatu diete gainontzeko ereñotzuarrei ere.