Gipuzkoako Lehenengo Mailan ari da aurten, Mundarroko nesken saskibaloi talde nagusia, eta ezin hobeto ekin dio denboraldi berriari. Aurreneko fasean, lau taldeko multzotan ari dira, eta jokatutako lau partiduak irabazi dituzte astigartarrek. Eta fasea bukatzeko bi partidu falta direnean, aukera ederra daukate, lidertza ziurtatu eta aurreneko postuan bukatzeko.
Izan ere, bigarrenaren kontra jokatuko dute gaur, Oiarsoren kontra, etxean: Astigarragako kiroldegian, arratsaldeko 16:00etan hasita. Eta irabazita, bi garaipeneko tartea lortuko luke Mundarrok, partidu bakarraren faltan; matematikoki irabazle, beraz.
Aurreneko itzulian, talde errenteriarraren etxean nagusitu ziren astigartarrak, hamar puntuko aldearekin (44-54). Eta etxean, garaipena errepikatu nahi dute, lider bukatzeak dakarren motibazioarekin.
Mutilak Erroibideren kontra, nesken segidan
Kiroldegian jokatuko dute mutilek ere, Gipuzkoako Lehenengo Mailan, Erroibideren kontra. Nesken partiduaren segidan izango da, 18:15etan.
Orain arte, etxeko biak irabazi, eta kanpoko biak galdu dituzte astigartarrek. Beraz, herriko zaleen laguntzarekin berriro, garaipenen aldera eraman nahiko dute balantza, hirugarrena irabazita.