Laster egongo da prest, Astigarragako Herri Eskolako jolastoki berria. Hala azaldu du EH Bilduk, prentsa ohar bidez, eta adierazi du, beraien ekimenari esker izan dela hori: «2016ko aurrekontuetan, EAJk ez zuen aurreikusi ikastolan inbertsiorik egitea, eta EH Bilduk emendakina aurkeztu zuen, ikastolako jolastokiko maldak egokitzeko partida bat gehitzeko, 42.600 eurokoa. Horri esker gehitu zen partida aurrekontuetan».
«Partehartze prozesuan, ikasleek tirolina eskatu zuten, baina azkenean ez da tirolinarik jarri».
EH Bilduk kritikatu du, hala ere, «Udal Gobernuaren atzetik» ibili behar izan duela, obra hauek bideratzeko: «udara gerturatzen ari zela, EH Bilduk gogorarazi behar izan zion, 2016ko aurrekontuetan horretarako 42.600 euro zeudela ikutu gabe. Baina EAJk, udarako oporraldia aprobetxatu beharrean, bere utzikeriagatik, haurrak jolastokian dauden bitartean gauzatu du obra», adierazi du.
«Egin den jolastokia positibotzat jotzen dugu, baina hankamotz geratu da»
Jolastokiari dagokionez, EH Bilduk azaldu du, «herrian ditugun beste parkeetatik desberdina» dela, eta positiboki baloratu du. Baina hala ere, «hankamotz» geratu dela uste du: «aurreko legealdian, ikastolako ikasleekin partehartze prozesu bat egin zen, jolastokian zer nahi zuten jakiteko; eta bertan, tirolina gailendu zen nabarmen. Baina azkenean ez da tirolinarik jarri».
Azkenik, gonbite bat luzatu die EH Bilduk, herritarrei: «uholdeen aurkako dirulaguntzak, irisgarritasun plana, ikastolako parkea... Guztiak EH Bilduren ekimenari esker lortutakoak izan dira. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera, 2017ko aurrekontuak lantzeko epe motzean antolatuko dugun prozesuan».