Hernaniar asko mugitzen dituen ekimena izaten da Antzerki Zikloa. Azaroaren 15etik 17ra izango da aurtengo edizioa, eta hiru proposamenak hauexek dira: Koadernoa zuri, Oskara eta Mami Lebrun. Saio guztiak Biterin izango dira, 20:00etan hasita. Izaten den mugimendua medio, urteroko legez, sarrerak aurretik salduko dituzte. Gaur jarriko dituzte Biterin, erdiak goizean, 09:00-13:00 ordutegian; eta beste erdiak arratsaldean, 16:00-20:00 ordutegian. Interesa duenak gaur gerturatzea du onena, berehala agortzen baitira.
‘Koadernoa zuri’, Biterin sortutako lana
Hiru emanaldien artean bada bat berezia: Koadernoa zuri. Aurten egin den bigarren sorkuntza egonaldiaren emaitza da antzezlan hau. Martxotik azarora, Biterin bildu da talde bat antzezlana sortzeko; eta ikusle komunitate bat ere sortu dute. Azaroaren 15ean obra estreinatzea falta da orain!
‘KOADERNOA ZURI’
Azaroak 15, euskeraz
Begoña eta Arrate ahizpak dira. Ama hil berria dute eta hogei urteren ondoren, jaiotetxean egingo dute topo, ustekabean. Bi ahizpei, aurrez aurre elkartzeak elkarri kontuak eskatzeko balioko die. Ezer gutxi dakite amak batarengan eta bestearengan utzitako arrastoez. Nahikoa lan izan du bakoitzak bere bizitza eraikitzen.
‘OSKARA’
Azaroak 16
Oskarak bi unibertso koreografiko ezberdin batzen ditu, bi begirada ezberdin: Euskal Herriko kultura tradizionalean du oinarria eta sormenerako abiapuntua; eta, era berean, gaur egungo abangoardiazko artisten ikuspegitik sortutako artelana da.
‘MAMI LEBRUN’
Azaroak 17, euskeraz
Egoitz eta Miren amona Kontxa hil berriaren omenaldia prestatzen ari dira. Amonaren etxeko ganbaran aurkitutako eguneroko batzuetan oinarrituko dira, Kontxak gaztetan Parisen bizitako istorio bat kontatzeko. Horixe izango da omenaldiaren ardatza. Hala ere, Mireni kontatu ez dion sekretu bat dauka Egoitzek.