Adikzioaren Legearen aldakuntzak gustora utzi ditu Hernaniko taldeak

Kronika - Erredakzioa 2016ko aza. 5a, 01:00

IÑIGO GOÑI IRADI

Pasa den apirilaren 7an Eusko Legebiltzarrak Adikzioen eta Droga Menpekotasunen inguruko 1/2016 Legea onartu zuen, legea bera lausotu ondoren. Besteak beste, erretzen segitu ahal izango zen elkarteetan onartu berri zen aldakuntzen arabera.

Kalean alkohola edatea onartu zuen legeak, baina ez, frontoi edota kirol instalazioetan edatea.

Baina, beste alde batetik, pasa den abuztuan bigarren aldaketa garrantzitsu bat iritsi zen kirolaren mundura, araudiak zuen eragina gehiago lausotzeko asmoz. Urriaren azken astean egin zen publiko eta ezagutu berri dute kirol eragile desberdinek.

Kalean bai, baina frontoian ez
Hasiera batean legearen arabera eta alkoholari dagokionez: Kalean edateko debekua ezarri nahi zuen Osasun Sailak, baina ezerezean geratu zen proposamena. Parlamentuan EAJk berak aitortu zuen polemika iturri zela alor hori —«debeku hori, egun, sozialki eta kulturalki ez dago barneratuta»—, eta taberna alboetan edatea onartzeko prest zegoen. Azkenean, EH Bilduren ekimenez, kalean edateari buruzko artikulua kendu egin zuten, «gehiegikeria» zelakoan.
Hortaz, aurrerantzean ere udalek arautzen dute gaia.

«Legeak ez dio eragiten pelota profesionalari»

Hala ere eragin handiko debeku bat, bai, ezarri zuten: frontoian ezingo zen alkoholik edan, ezta ere kirola egiten zen instalakuntzetan —saldu ere ez, beraz—. Ohitura handia dago alkohola kontsumitzeko frontoietan, kiroldegietan, futbol zelaietan, errugbi zelaietan, palkoetan...; tabernak eta kantinak ere badituzte.
Pole­mika sortu zen, Eusko Jaurlaritzak espedientea ireki zuelako Bizkaia frontoian al­kohola edateagatik. Beste arau bati egin zion erreferen­tzia ikuskatzaileak. Aurreran­tzean, Adikzioen Legeak ere galaraziko zuen frontoian edatea.

Legearen arabera, debekatuta dago kirol instalazioetan alkohola saldu edo edatea, lehiaketak irauten duen bitartean.

Legea parlamentuko talde guztiek onartu zuten UPyD-k izan ezik. Behin pauso hori eman eta gero, kirol eragileen erreakzioak edo eta erantzunak etorri ziren erreskadan. Eragina zuzena zen taldeetan, eta asko, diru iturri nagusi zen taberna ixtera derrigortuko zituen. Frontoietan, berriz, debekuak pelota beraren iraupena zalantzan jartzen zuen, jendeak ihes egingo baitzuen bertatik, enpresen arabera. Futbol zelaietako palkoetan ere ezingo zen alkohola, ez saldu ez eta kontsumitu ere. Horrek San Mames, Anoeta, Buesa Arena, Mendizorrotza... uki­tzen zituen zuzen zuzen.

Bigarren Lege aldaketa
Lurrikara honen ondoren, eta sortu zen eztabaida eta mugimenduen aurrean Eusko Jaur­laritzak modifikazio edo aldaketa berri batzuk egin zizkion legeari pasa den udaran.
Honen arabera, kirol lehiaketak egiten diren instalazioei dagokienez, garrantzitsua da honako hau gogoraraztea: debekatuta dago alkohola sal­tzea eta banatzea, baina soilik lehiaketa horiek dirauten bitartean. Ondorio horietarako, lehiaketa bezala ulertuko dira kirol federakuntzak halakotzat jotzen dituenak, baita eskola eta unibertsitate kirolari loturikoak ere. Horrek guztiak, bestalde, ez du eragozten beste arau batzuk aplikatzea; legeak, erregelamenduak, or­de­nantzak eta abar.
Argibide moduan gehitu da dagokion erregelamendua ga­ratu bitartean, denbora-tarte honetan ezarri behar dela edari alkoholdunak saldu eta banatzeko debekua: instalazioko ateak irekitzen direnetik ixten diren arte eta, gutxienik, lehiaketa hasi baino 15 minutu lehenagotik, hura bukatu eta 15 minutu pasa arte. Edozein kasutan, debeku hori instalazio horien kirol-esparru osagarrietan ere ezarri behar da: harmailak, aldagelak, komunak, lehen sorospeneko guneak, biltegiak eta antzekoak.

Hernaniko kirol eragile desberdinak gustora geratu dira azken emaitzarekin, eta ez da kontra egiteko talderik sortuko.

Kirol-instalazioen barruan dauden bestelako eremuei dagokionez -ostalaritza establezimenduak, esaterako-, gogorazten da debekutik kanpo geratzen direla bereizita dauden sektorizatuak, kirol jardueraren erabiltzaileentzat eta publiko orokorrarentzat sarbide propioa eta independentea dutenak. Establezimendu ho­riek, gainera, ostalaritzako edo kirol-jardueraz bestelako jarduera ustiatzeko baimena edo lizentzia eduki beharko dute.

«Denontzako irtenbide egokia izan da aldaketa hau»
Hau horrela izanik, talde, elkarte, enpresa, kiroldegi eta instalakuntza desberdinen egoera guztiz aldatu da. Berrikuntzak edo aldakuntza honek, esaterako, Hernaniko talde desberdinen egoera aldatu du.
Juan Rodríguez Hernaniko Errugbi Elkarteko presidentearen hitzetan orain taberna edo kantina zabalik mantendu dezakete inongo arazorik gabe. «Ostalaritza establezimenduak bereizita eta sektorizatuak baldin badaude, kanpo geratzen dira legetik eta sarbide propioa eta independentea dutenak ere bai. Beraz, ongi bereizi behar dugu orain kantina. Gainera 15 minutu lehenago arte eta amaitu eta ondorengo 15 minutu pasa eta gero zerbitzatu daitezke alkohol edariak. Irtenbide egokia dela uste dugu».

«Gure jarduera ez dago inolako federakuntzari lotua. Gure jarduera pribatua da alde horretatik. Beraz, legeak ez liguke guri eragingo».

Hori bai; partidua jokatzen ari diren bitartean alkoholdun edariren bat daramakiten edalontziak ezingo dira sartu instalakuntzara edo errugbi zelaira, kasu honetan.

Futbol elkarteak, arazo gutxiago
Arazo gutxiago izango du, kasu honetan, Hernaniko futbol taldeak eta klubak. Zubipen dagoen taberna ederki bereizita dago sarbide propio independentearekin. Aldaketak ate guztiak zabaltzen dizkie orain arte bezala lanean jarraitzeko.

Pilota profesionalean ere arazoa konpontzeko bidean
Beste gauza bat da, frontoien kasua. Galarretan, esaterako, goiko eta beheko tabernek ez dute sarbide propio eta independenterik. Frontoian bertan daude txertatuak. Eta hori ez da Galarretan bakarrik gerta­tzen; Euskal Herriko ia frontoi gehienetan, eta, noski, nagusietan, arazo bera daukate.
Horri aurre egiteko pelota enpresek aldaketaren beste esaldi bati eusten saiatzen ari dira. Baimena emateko dei egin diote Eusko Jaurlaritzari, pelota enpresa denek sinatutako gutun baten bitartez. Ha­mabost minutu lehenago eta ondoren zerbitza daitezke edari alkoholdunak, baina ez behin partiduak hasi eta gero.
Oriamendi2010 erremonte enpresak gutuna sinatu du eta Joxemari Barrenetxeak argi du beraien irtenbidea. «Aldakun­tzan esaten da argi eta garbi lehiaketatzat hartuko direla kirol federakuntzak halakotzat jotzen dituenak, baita eskola kirolari lotuak daudenak ere. Gure jarduera ez da inolako federakuntzari lotua. Gure jarduera pribatua da alde horretatik. Beraz, legeak ez liguke  guri eragingo. Zesta puntako, eskuzko, palako eta erremonteko enpresa guztiak sinatu dugu gutuna».
Bertan adierazten da bera­ien jarduna ez dela federakuntzak antolatutakoa, ez eta kirol eskola, ez eta unibertsitateko kirola ere. Berez, legeak ez du beraien pelota jarduera uki­tzen, eta ezin da aplikatu lege hori beraien partiduak antolatzen dituzten frontoietan edo, hobe esanda, partiduak dauden egun horietan. Gainera, positibotzat hartzen dute legearen aldakuntza eta adierazi dute bai enpresen eta baita frontoira profesionalak ikustera joaten direnenen nahietara ere egokitzen dela.

Hernanin, gustora
Zeresan asko eman dute gai eta lege honek, baina badirudi bere onera etorri dela kontua, eta, modu batean, denen interesak gorde dituela. Hernaniko kirol eragile desberdinak behintzat gustora geratu dira azken emaitzarekin, eta ondorioz, ez da inolako afektatuen talderik sortuko; ez behintzat, Hernanin.
 

Tabernak eta kirola

Kirol instalazioak eta tabernak bat egiten duten lekuak, Hernanin

Bat baino gehiago dira Hernanin, kirola egiteko tokia eta taberna edo elkartea bat eginda dauzkaten kirol elkarteak.
Horietako bat da, hain zu­zen, Hernani Errugbi El­kartea. Gainera, kasu honetan, ez da kantina, kirol instalazioen barruan alkohola saltzen duen toki bakarra; soziedadea ere bai baitauka klubak.
Beste adibide bat Zu­bi­pen aurkitu daiteke; publi­ko­arentzako eserlekuen az­pian dago taberna.
Galarretako kasua, be­rriz, are bereziagoa da. Fron­toira ematen duten eserlekuak hiru pisutan ba­natuta daude, eta horietako bitan dago taberna.
Azkenik, elkartea izan gabe ere, bada Hernanin, kirola egiteko tokian bertan taberna daukan beste instalazio bat ere; Udal Kirol­degia bera, hain zuzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!