Azken urteetan aldaketa haundiak izan dira Hernanin, eta 2002-2005 bitartean Udalak egina zuen zarata mapa zaharkituta geratu da. Izan ere, auzo eta industria poligono berriak eraiki dira; AP8 eta A15 errepide berriak ere, Hernanitik pasatzen dira, herrigunea inguratuz; eta AHTren ibilbideak bete-betean gurutzatzen du Hernani. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren dekretu batek ezartzen du 10.000 biztanletik gorako udal guztiek zarata mapa bat izan behar dutela 2017a baino lehen.
Zarata mapa, lau fokotan
Hori guztia kontuan izanda, Hernaniko Udalak mapa egitea erabaki du. Azken hiru hilabeteetan egin dituzte neurketak eta lortutako emaitzak atzo aurkeztu zituen prentsaurrean Mattin Aldaia zinegotziak.
Hernaniko zarata mapa berriak lau foko aztertzen ditu: ibilgailuen trafikoa, trena, industria jarduera eta urbanoa edo herri barrukoa (komertzioak, tabernak, gaueko zarata...).
Aldaiak azaldu zuenez, era berean, herria gune ezberdinetan banatzen du mapak: «gune bakoitzak zarata mapa ezberdinak ditu, ez baita gauza bera eskola bat, kultur etxe bat edo Osakidetzako eraikin baten inguruak dituen zarata mugak; edo poligono industrial baten inguruan izan behar dituen zarata mugak».
Hiru neurketa,
aurreneko hiru guneetan
Aldaiak azaldu zuenez, neurketak egiteko metodologia ezberdinak erabili dira. Aurreneko hiru guneetan, hau da, ibilgailuen trafikoa, trena eta industria jardueretan, neurri hauek jaso eta aztertzeko metodologia konkretu bat erabili da: «egunez neurketak egin dira goizeko 07:00etatik arratsaldeko 19:00etara, 12 orduz; arratsaldez, 19:00etatik gaueko 11:00etara, 4 orduz; eta gauez, 11:00etatik 07:00etara, 8 orduz».
Neurketen ostean, proposamenak
Aldaiak azaldu zuen, hiru gune horietan neurketa egin duen enpresak proposamen batzuk egin dituela.
Trafikoari dagokionean, aztertuko da barrera akustikoak jartzeko aukera A15 errepidearen zenbait gunetan: «Akarregi meandroan naturgune babestu bat dagoelako; baita ere, Karabelen, Zikuñagan, Elizatxon eta A15a pasatzen den inguruetan. Aholkatu dute azterketa teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa egitea».
Herri barruko trafikoaren inguruan, proposatu dute abiadura eta auto kopurua gutxitzeko neurriak hartzea: «hauek identifikatu dira, zaratarik haundiena duten puntu gisa: GI 3410 Zikuñagatik Goizuetaruntz dijoan errepidea; Zinkoenean, errotondari begira dauden eraikinetan; anbulatorioan, Urbieta eta Aristizabal kaleetan; Urumea eta Inmakulada ikastetxeen ingurumena; eta Langile ikastola inguruetan, Laubidieta eta Marielutsen».
Trenaren trafikoaren inguruan egindako neurketetan, Aldaiaren esanetan, enpresak proposatu du AHTri jarraipena egitea: «behin martxan jarri ondoren jarraipena egitea, batez ere Osiñaga auzoan».
Azkenik, industria guneei dagokienean, enpresak aholkatu du jarraipena eta behaketa berezia egitea industria guneen ondoan dauden hainbat etxebizitza guneetan: «Osiñaga bailaran esaterako, Eziago poligonoaren parean dauden etxebizitza inguruetan, errekaren beste aldean alegia. Baita ere Ereñotzu auzoan, Lastaolaren ondoko etxebizitzetan; eta Epele auzoan».
Herri barruko neurketak egiten jarraituko dute asteburu eta txotx garaian, esaterako
Laugarren gunean, herri barruko zarata neurtzeko metodologia propioa erabili behar da. Aldaiak azaldu zuenez, kasu honetan neurketak garai ezberdinetan jaso behar dira: «neurketak momentu puntualetan eta denbora luzeagotan egin behar dira. Horiek egiten dira Kale Nagusian, Andrekalen eta Tilosetan. Asteburuetan eta txotx garaian ere egingo dira, eta emaitza jasotzen dugunean, ekintza plana osatuko dugu. Kasu honetan, neurketa horiek egiten direnean, proposatuko dira jarduera horien bueltan hartu beharreko neurriak».
Dokumentua ikusgai, azaroaren 20ra arte
Mattin Aldaiak azaldu duenez, mapa honen emaitzak ikusgai daude, jendaurrean, azaroaren 20ra bitartean: «herritarrek dokumentua aztertu ahalko dute, eta egoki iruditzen zaizkien oharrak eta alegazioak egin ahal izango dituzte». Dokumentua ikusgai dago Hernaniko Hirigintza eta Ingurumen Sailean eta Udala