Gaztetxo berezi baten abenturekin gozatzeko aukera dute astigartarrek, gaur, kultur etxean. Gazte harrigarria, T.S. Spivet pelikula emango dute, arratsaldeko 17:00etan hasita.
Hain justu, T.S. Spivet izeneko mutikoaren istorioa kontatzen duen komedia bat da. Bere familia bitxiarekin bizi da, Montanako (AEB) rantxo batean. Berak talentu haundia dauka kartografiarako eta inbentuetarako, eta kartografiari buruzko artikuluak argitaratzen ditu, hainbat aldizkari garrantzitsutan. Artikulu horiengatik, zientziako Baird Saria eman diote.
Saria jasotzeko, baina, Washingtonera joan behar du mutikoak. Beraz, herrialde osoa zeharkatu beharko du, maleta hartu eta tren batera igota, eta gurasoei ezertxo ere esan gabe. Makina bat abentura biziko ditu, bidaian.
Sarrerak, 2 euroan salgai
Filma ikusteko sarrerak, kultur etxean bertan jarriko dituzte salgai gaur, 2 euroan.
105 minutuko iraupena dauka pelikulak, Kanadan eta Frantzian grabatua da, eta haurrei zuzenduta dago.