Hernanin etxebizitzarik gabe dauden pertsonen zenbaketa egin zuten joan den astean, Udalak antolatuta. Taldeka banatuta, herriko bazter guztiak miatu zituzten lau ordu inguruan, eta ez zuten inor kalean lotan aurkitu. Behin bukatuta, salda beroa hartu zuten.
35 boluntario, Hernanin
Ekimenean parte hartu zuten 35 boluntariok. Udaleko Gizarte Zerbitzuak, Udaltzaingoa eta SIIS Fundazioak koordinatuta, ekimenean parte hartu zuten EH Bildu eta OHko zinegotziek, udal langileek, EH Bildu Hernaniko kideek, Caritasek, Stop Kaleratzeakek, Eliza Ebanjelikoak eta bestelako hainbat herritarrek.
Euskadin 285 lagunek egiten dute lo kalean
Euskal erakundeek udan sinatu zuten protokolo bat, bizitegi-bazterketa larrian daudenen azterketa egin eta analisian sakontzeko. Hernaniz gain, azterketa beste 23 udalerritan egin da. Zenbaketa urriaren 26tik 27rako gauean egin zen, eta EAEn kalean lo egin zuten 285 pertsona zenbatu zituzten; 1.022 boluntario aritu ziren zenbaketa honetan. Protokoloaren arabera, aurrerantzean bi urtetik behin egingo da zenbaketa. Bestalde, 2017an eta ondorengo urte bakoitietan txosten bat osatuko dute emaitzekin. Eta txosten hori, aurkeztu egingo dute bizitegi bazterketari buruzko jardunaldi monografikoetan.