Hernani Erabaki ekimena ari da azken fasera iristen. 34 proposamen iritsi dira laugarren fasera, eta herritarrek horietatik 10 aukeratu beharko dituzte. 16 urtetik gorako herritarrek egin dezakete aukeraketa, eta azaroaren 18ra bitartean dute bozkatzeko aukera.
Aurkezpenak, auzoz auzo
Auzoetan proposamenak aurkezteari ekingo diote gaur. Guztira zortzi bilera deitu dituzte: Kaxkoan, Portun, Latsunbeberrin, Lizeagan, Karabelen, Sorgintxulon, Etxeberri-Floridan eta Zikuñagan. Gaur Kaxkoan egingo dute aurrenekoa; bilera guztiak auzo elkarteetan izango dira, 19:00etan hasita.
Bozkatzeko hiru modu
Proposamenak bozkatzeko hiru aukera daude. Batetik, auzoz auzoko aurkezpenetan, nahi duenak bozkatzeko aukera izango du. Bestetik, etxean jasotako diptikoak erabilita: herritarrek 34 proposamenak dituzte bertan, eta horietatik hamar aukeratu eta buzoietan sartu behar dituzte. Eta azkenik, nahi duenak internet bidez bozkatzeko aukera ere badu erabaki.hernani.eus web orriaren bitartez.
Maiatzetik hona, 600 proposamenetik 34ra
Maiatzean eman zitzaion hasiera aurreneko faseari, eta ekainera bitartean 600 proposamen jaso ziren. Ekainetik irailera, udal teknikariek proposamenak aztertu eta baloratu ondoren, herritarrek 94 proposamen lehenetsi zituzten. Horiekin raking bat egin da, eta 34 iritsi dira azken fase honetara.