Udazken kulturala bete-betean da Ereñotzun, eta gaurkoan, bertsoa eta Urumea bailarako bertsolariak izango dira protagonista. Estitxu Eizagirre bertsolari eta kazetariak ikerketa lan haundia egina du Hernani eta Urumeako bertsolarien inguruan. Iraulio Panttalone bertso eskolak eskatutako lana izan da, eta egindako azterketarekin Bertsoaren haria Hernanin liburua osatu du Eizagirrek. Ereñotzuarrei gaur aurkeztuko dizkie bertan bildutako xehetasun guztiak. Auzo Udaleko aretoan izango da, iluntzeko 19:00etatik aurrera.
Bertsolaritzak Urumean izan duen ibilbidea, liburuan
Eizagirrek 2014an idatzi zuen liburua, eta bertan azaltzen ditu askorentzat ezezagunak ziren bertsolariak, Josefa Zubeldia esaterako; edo-eta aski ezagunak diren Txirrita eta Maialen Lujanbio. Bertsoaren haria Hernanin liburuan, Eizagirrek bailarako bertsolarien errepasoa egiten du.
Hitzaldi-emanaldia, atal esanguratsuenak azaltzeko
Gaurko hitzaldi-emanaldian, Estitxu Eizagirrek liburuaren atal esanguratsuenak azaltzea izango du helburu. Emanaldi berezia izango da, hitza eta kantua uztartuko baitira; beraz, bertaratzen diren bertsozale guztiek iluntze pasa ederra egiteko aukera izango dute.