Batxe batean sartu da Mundarro. Galdu egin zuen berriro, larunbatean Mendibeltzen, Oriokoren kontra (3-0). Horrela, azkeneko lau partiduetatik hiru galdu dituzte moreek, eta behera egin dute sailkapenean, 12garren postura.
Oriotarrek hobeto hasi zuten partidua, behin eta berriro moreen ezker banda erasotuz, eta ordu laurden betetzerako, aurretik jarri ziren markagailuan, faltaz; barrera jo zuen baloiak, astigartarren porterian sartu aurretik.
Hala ere, presioan ondo aritu zen Mundarro; gehiago kosta zitzaion baloiarekin, eta hala ere, gola egiteko zorian egon zen atsedena baino lehen, zutoina jota.
Bigarren zatian, aldaketa pare batekin, lasaiago aritu ziren astigartarrak. Eta ondoen ari zirenean, bigarrena egin zuen Oriokok, urrutitik jaurtita. Partidua amaitzear zegoela egin zuen hirugarrena, partidua itxiz.
Hiru jokalarik, debuta
Partiduak, albiste onik ere izan zuen astigartarrentzat. Jokalari garrantzitsuen lesioak tarteko, beste hiru jokalarik egin zuten debuta, aurreneko taldearekin. Horiekin, dagoeneko bigarren taldeko jokalarien erdia aritu da aurreneko taldearekin, zazpi partidu bakarrik jokatu direnean.