Bullyingari buruz, hezkuntza hitzaldia eskainiko du etzi, ostiralean, Nerea Mendizabal psikopedagogoak, euskeraz. Herri Eskolako aretoan izango da, arratsaldeko 18:00etan, ikastolako Guraso Elkarteak antolatuta. Hain zuzen ere, gurasoei zuzenduta dago saioa, baina hezitzaileentzat eta interesa duten guztientzat ere zabalik daude ateak.
Bullyingaren arazoa aztertzeko, begirada aldaketa bat proposatuko du Mendizabalek: «bullying entzutean, ikusten dugu gaiztoak eta biktimak daudela, onak eta txarrak. Eta Oesteko pelikula bat bezala ikusita, oso zaila da konponbidea aurkitzea. Horregatik, hausnarketa bat egin behar dugu begiradari buruz. Begirada horren alternatibak bilatu, eta arazoa nola ikusi nahi dugun planteatu».
«Zigorrak eta mehatxuak baino, ulertzea da bidea»
Eta behin arazoa beste ikuspegi batetik ikusita, hori kudeatzeko bi bide planteatuko ditu hizlariak: «aurrenekoa da zigorrena, mehatxuena, reprotxeena... Baina hori ez da eraginkorra. Nik bigarren bidearen alde egiten dut, eta horretan sakonduko dugu saioan».
«Oesteko pelikula bat bezala ikusten badugu ‘bullying’aren arazoa, oso zaila izango da konponbidea aurkitzea»
Ulertzean datza bigarren bide hori: «hiru partehartzaile daude; bullyinga egin eta jasotzen dutenak, eta baita konplizeak ere, ikusi eta ezer egiten ez dutenak. Saiatu behar dugu ulertzen, bakoitzak zergatik egiten duen, egiten duen hori. Batek zergatik erasotu edota baztertzen duen, bestea zergatik ez den defenditzen edo mugak jartzen, eta azkenekoa zergatik geratzen den ixilik. Zergatiak ulertu, eta laguntzeko estrategiak planteatu behar ditugu. Zein behar dituzten ikusi, eta horiei aurre egin».
«Oso presente dago ‘bullying’a, beti egon da eta jarraituko du»
Mendizabalen ustez, bullyinga oso presente dago: «beti egon da, kontua da orain gehiago ezagutzen dela. Eta egoten jarraituko du, ez da egun batetik bestera konponduko. Gizarteak asko dauka aportatzeko, bide horretan», uste du.