«Espetxean ez daude Ibon zaintzeko bitarteko minimoak; okertzeko baldintza guztiak ematen dira»

Kronika - Erredakzioa 2016ko aza. 1a, 01:00

Ibon Fernandez eta larriki gaixo dauden euskal presoak libre uzteko eskatuko dute datozen egunetan egitekoak diren hainbat ekimenetan. Sarek eta Bagoaz elkarteak antolatu dituzte; aurrenekoa bihar izango da.

Mahai ingurua, bihar
Mahai-ingurua an­­tolatu dute bihar, 19:00etan, Ibonen abokatua den Maritxu Paulusekin, SAREko kide den Itziar Art­e­agarekin eta Ane Fernandez arrebarekin; Manuel Lekuona kultur etxean izango da. Aza­roa­ren 11n berriz kultur ekitaldiak izango dira Okendo plazan, 20:00­etan hasita: mu­sika, kantua, dantza, ber­tsoa eta an­tzer­kia antolatu di­tuz­te.  Azkenik, aza­roaren 19an ma­nifestazioa antolatu du Ba­goaz elkarteak, Larriki Eri diren Presoak Askatu lema izango duena. Baionan izango da, 17:00­etan, eta Sarek ere bat egin du deialdiarekin.  

Ibon Fernandezen egoera, Ane arrebaren eskutik
Ibon Fernandezek bizi duen egoeraren jarraipena egin nahi izan du Kronikak, Ane Fernandez arrebarekin. Gai­xo­tasuna bera, espetxean bi­zitzeak duen eragina, egoera juridikoa azaldu ditu presoaren arrebak.

2011 hasieran izan zituen Ibon Fernandezek, zure anaiak, aurreneko sintomak. 2012an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza. Zein da egun Ibon Fernande­zen egoera?
Zoritxarrez eritasunak bere bidea egin du eta sintoma ba­tzuk hor izango ditu betirako. Sintoma garrantzitsuenak ai­pa­tzearren, mina du gorputzaren ezkerralde guztian, eta ukitzerakoan sentsibilitate ara­zoak ditu, parestesiak dei­tzen direnak. Neke fisiko haundia izaten du, ahulezia du hanka batean eta askotan akufenoak izaten ditu.

Zein eragin du espetxean egoteak bere egunerokorako?
Horrelako gaixotasun bat kalean kudeatzea konplikatua bada, espetxean are eta zailagoa da. Zaintzarako behar diren baldin­tza minimoak ez dira ematen espetxean, eta aldiz, gaixotasunak okerrera egiteko ingurune aproposa topatzen du. Zai­l­tasunak, oztopoak eta arriskuak, eguneroko ogi dira eta nonahi topatzen dituzu. Espetxean presoen artean askotan egoten diren infekzioren batek  (ma­rran­ta, gripea, gastroa, …) kutsatu eta eritasuna gaiztotuko de­naren beldurra ere beti dago presente.

Nola bizi ditu oinazeak?
Sintomak, egoera... kudeatzea ez da batere erraza. Edozein mo­men­tutan erasotzen  zaituen gaixotasuna da esklerosi anizkoitza. Askotan, erasoa pasa on­doren, lehendik zenituen sintomak larriagotu egiten dira; edo-eta sintoma berriak definitiboki instala­tzen zaizkizu. Etsipena sentitzera eramaten zaitu egungo egoerak. Eta are gehiago pen­tsatzeak,   egun­go egoera zaila izanda ere, etorkizunean etorri daitekeen guztia  okerragoa izango dela, gero eta okerragoa. Es­petxea ingurune aproposa da okertze hori azkarrago etortzeko eta larriagoa izateko.

Behar bezalako tratamendurik jasotzen al du?
Espetxean ez daude eritasuna zaintzeko bitarteko minimoak; eta gainera, gaixotasuna oker­tzeko baldintza guztiak ematen dira. Neurologoa soilik urtean behin eta bideokonferentziaz ikusteko aukera izaten du, hau da, aurrez-aurreko kon­tsul­ta­rik ez du berarekin. Ez du ezta ere aukerarik, gaixotasunak bere kasuan eskatzen dituen fisioterapia saio kopuruak jasotzeko; ospitalera urgentziaz atera behar izanez gero konplikazioak izaten ditu...
Berak, preso guztiek duten espetxe zigorraz gain, bestelako zigorra ere badu: bere osasuna okertzera bultzatzen duen egoera jasan beharra.

Juridikoki, Ibon aske uzteko borrokan urteak daramakizkizue. Zein izan da orain arteko prozesua?
2014ko hasieran, bere osasun ego­era dela eta, zigorraren etena ezartzea eskatu zitzaion epaileari, Koutchner Legean oinarrituta (epaileak izendatutako bi espezialista ezberdinek presoak pairatzen duen gaixotasuna espetxealdiarekin egokia den ebaztea).
2014ko otsailean bi medikuek Ibonen gaixotasuna ez dela espetxearekin bateragarria eba­tzi zuten; Fiskalak, berriz, Zigor etenaren aurka egin zuen. 2014ko ekainaren 20an etenaren alde ebatzi zuen epaileak, baina espetxean jarraitzen du Estatu Fran­tsesean bizitzeko debekuaren aferak bere alde egiten ez duen bitartean. 2014ko urriaren 25ean Pariseko Dei Auzi­tegiko epaileak behin betiko epaia 2015eko martxoaren 26a arte atzeratzea erabaki zuen. Ordurako, hirugarren azterketa mediku bat eskatuz. Mar­txoaren 26an, berriz, maiatzaren 7a arte atzeratu zuen erabakia. 2015eko maiatzaren 7an Ibonen zigorraren etena baztertu zuen Parisko dei Auzitegiak. 2015eko maiatzaren 12an, Ibonek helegitea jarri zuen Kasazio Kortearen aurrean, Frantziako instan­tzia juridiko gorena, epaileek legearen arabera jokatu duten baieztatzeaz arduratzen dena. 2016ko ekainean kasazio gorteak 2014ko ekaineko epaia baliogabetu zuen. Prozedura berrabiarazi zen.

Diozun bezala, aurten, 2016ko ekainean gorteek baliogabetu egin zuten 2014ko ekaineko epaileen erabakia eta ondorioz prozedura berrabiarazi zen. Hil honetarako, azaroaren 24ra­ko aurreikusten da juizioa. Esperantzarik baduzue?
Bai, noski.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!