«1936ko uztailaren 18an altxatu ondoren, iraila bukaeran, ia Gipuzkoa osoa okupatua zegoela, indar frankistek hasiera eman zioten errepresioari. Gertaera odoltsu eta lazgarrienak frankistek egindako fusilatzeak izan ziren: Hernaniko hilerrian fusilatu eta dokumentatu gabe 200 bat pertsona lurperatu zituzten. Bestalde, hernaniarrek eta herritar orok ‘zigorrak’ jasan zituzten: atxiloketak, espetxeratzeak, erbestea, errepresio ekonomikoa, soziala, ideologikoa, kulturala...» hitz horiekin definitu zituen Udalak, hamarkada gogor haiek. Aste honetan bi ekitaldi antolatu dituzte Oroimena berreskuratuz, udazkenetik udaberrirantz izenarekin. Ekitaldi hauekin bi helburu bete nahi ditu Udalak: oroimena berreskuratzea eta aitortza egitea haiei, errepresioa sufritu zutenei eta haien senideei.
Bi ekitaldi, oroitzapena eta duintasuna berreskuratu, eta zorra kitatzeko
Udalak gogoratu du, diktadurak iraun zuen 40 urteetan bakarrik ez, gerora ere errepresioa sufritu zutenak ekarri behar direla gogora: «ahaztutako pertsona haien guztien oroitzapena eta duintasuna berreskuratu behar dugu, zorra kitatu beharra dago; eta helburu horrekin bi ekitaldi antolatu ditugu». Gogoratu dute, ez direla Hernanin egiten diren aurrenekoak izango: «eta ez dira ezta ere, azkenekoak izango. Egia osoa ezagutzen ez dugulako eta justizia egin ez zaielako. Oraingo honetan, frankismoaren biktima ororen memoria ekarri nahi izan dugu gogora».
«Ekitaldi hauek ez dira Hernanin egingo diren azken ekitaldiak izango. Egia osoa ezagutzen ez dugulako eta justizia egin ez zaielako»
«Gerra nahikoa ez, ondoren ere esklabo» proiekzioa eta hitzaldia, gaur
Aurreneko ekitaldia gaur bertan izango da: Gerra nahikoa ez, ondoren ere esklabo; Biterin, 19:30etan hasita. Proiekzioa eta hitzaldia uztartuko ditu gaurko ekitaldiak. Hasteko, Trabajadoriak dokumentala jarriko dute, langile-batailoiei buruzkoa. Mikel Mendizabal zuzendaria bertan izango da.
Ekitaldiaren bigarren zatiak hitzaldi-solasaldi formatua izango du. Miguel Usabiaga gonbidatu dute, Marcelo Usabiagaren semea. Aitaren figura hartu du oinarri; 20 urte baino gehiagotan frankismoaren kartzelak ezagutu zituen aitak eta 2015ean hil zen antifrankista eta borrokalari sutsua. Semeak gaur, frankismoak eragindako errepresioa eta sufrimendua kontatuko ditu: «pertsona askok, milaka eta milaka pertsonek sufritutakoa islatuko du hitzaldian: kartzela, langile batailoiak, mehatxuak, estortsioak, kontrol soziala, ekonomikoa...».
«Miguel Usabiagak milaka pertsonek sufritutakoa islatuko du hitzaldian: kartzela, langile batailoiak, mehatxuak, kontrol soziala...».
Hilerrian omenaldia, larunbatean
Larunbatean hilerrian fusilatu eta dokumentatu gabe lurperatu zituzten berrehun bat pertsonei omenaldia egingo diete: «egia osoa ezagutu eta justizia aldarrikatu behar dugulako». Ekitaldia hilerrian izango da, 12:00etan hasita.