Urtero bezala, sentsibilizazio-kanpaina berria abiarazi du Atzegik, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak; eta hori aurkezteko, Plaza Berrin elkartu ziren. Bertan azaldu zutenez, horrelako kanpainen ondorioz, «gero eta jarrera positibo gehiago ikusten dira gizartean».
Gaur egun, Donostialdean, 147 familia dira Atzegiko bazkide, 103 kolaboratzaile ditu elkarteak, eta 453 petsona dira Atzegizale.
Atzegizale gehiagoren bila
‘Kaleatzegizale’ kanpainarekin, Atzegizale gehiago lortu nahi dituzte, keinu sinple batekin eta jarrera positiboarekin, kolektibo honen eguneroko bizitza errazten dutenak.
Bestalde, dagoeneko Atzegizale direnei ere eskerrak eman nahi izan zieten. Horretarako, adimen urritasuna duten pertsonen familiek txapak eta eta eskerrak emateko txartelak banatu zituzten bertaratu ziren Atzegizaleen artean.
Ildo beretik, eskerrak eman zizkien Naroa Azaldegik, adimen urritasuna duen hernaniarrak, bertaratu ziren bi Atzegizaleei. Batetik, Kera arropa-dendako Mentxuri: «zure dendara joatean oso guapa ateratzen naiz bertatik, eta modelo bezala desfilatzen utzi zenidanean, ilusio haundia egin zidan». Eta bestetik, Juan Bautistari: «ze ondo sentitzen naizen zure pelukerira joaten naizen aldiro», azaldu zuen.
Boluntario bila
Horrez gain, jakinarazi zuten, larunbatero 16:15etatik 19:15etara biltzen direla Biterin hainbat ekintza egiteko, eta boluntario bila dabiltzala. Interesa duenak, deitu: 943 42 39 42 (Atzegi) edo 696 90 83 91 (Koro).